2022ko lehen seihilekoak ontzi arinen bilketarekin lotuta eskualdean lagatako datuen aurrean, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak uste du hobetzeko tarte nabarmena dagoela frakzio horretan. Hori horrela, ratio handiagoetara ailegatzeko asmoarekin, kanpaina berezia abiatuko du.
Fokua hondakin asko sortzen dituzten guneetan jarri eta halakoetan ontzien gaikako bilketa bultzatzeko helburuarekin, joan den astean, hainbat hotel, osasun-zentro zein adineko egoitza bisitatu zituzten mankomunitateko ordezkariek, besteak beste, ontzi arinak edukiontzi propioen bidez bereizteko behar dituzten bitartekoak eskaintzeko.
Halaber, eskualdeko mankomunitateak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimen hori aukeratu du ekonomia zirkularra sustatzen duten proiektuen artean eta 16.939,19 euroko finantzazioa jasoko du kanpainak.
Irabazi ekonomikoak hobekuntzetarako
Ontzi arinen bilketari dagokionez, Mankomunitateak halakoak bereizteak ingurumenari egiten dion mesedea nabarmentzeaz batera, jakinarazi du Ecoembes erakundeak 555.000 euro baino gehiago bueltatu zizkiola mankomunitateari batutako ontzien truke eta gogora ekarri du diru-sarrera horiek hondakinen bilketa zerbitzuan hobekuntzak egiteko erabiltzen direla ondoren.
Edukiontzi horietan, plastikozko botilak, garbiketa-ontziak, erretiluak eta paketeak, elikagaien eta edarien latak eta tetra brickak bezalako ontziak utz daitezke. Mankomunitateak gogorarazi du edukiontzi barrura sartu behar direla, bestela ez baitira birziklatzen.