“Eskatzen ari garen aldarrikapen zuzen eta egingarri guztiak defendatzeari uko egin gabe, hortzez eta haginez defendatuko ditugu pentsioak benetako Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) arabera igotzea; gutxieneko pentsio publikoa 1.080 eurokoa izatea; horiek bermatuko dituen pentsio-sistema publikoa sustatzea eta indartzea; eta pentsio pribatuen edozein sistema baztertzea, are gehiago laguntza publikoen bidez sustatzea”; halaxe azpimarratu zuten joan den astean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako oporren osteko lehen elkarretaratzean.
"Gezurra da dena"
Eta honakoa ere gaineratu zuten: Esaten digute, eta engainatzen saiatzen dira, pentsioak eta soldatak ezin direla benetako KPIaren bidez igo, “era horretan inflazioa ez baitugu etengo eta pentsio publiko eta duinak bermatzeko Gizarte Segurantzaren Kutxa mantendu ezin baita”. Gezurra da dena, ondotxo baitakite pentsioak eta soldatak benetako KPIaren bidez eguneratzeak ez duela eraginik izango inflazioan, eta, batez ere, amorragarria da dirurik ez dagoela entzun beharra, banketxeak, finantza-talde handiek, enpresa monopolista handiek, hala nola argindar, gas eta konpainiek, etekin eskandalagarriak lortzen ari direnean, eta etekin horietaz publikoki eta lotsagabekeriarik handienaz harrotzen direnean".