Errugbia

Jokalari beteranoen errugbi erakustaldia

Ubane Madera Zangitu 2022ko ira. 11a, 11:54

Atzo, zapatua, errugbi erakustaldia egin zuten Ezoziko Futbol Zelaian Iruñetik, Eibartik, Elgoibartik… eta noski, Soraluzetik bertaratutako errugbi jokalari beteranoek. Erakutsi zuten adina eta adinak ekartzen dituen minak ez direla eragozpen errugbia praktikatzen jarraitzeko eta gogotik ibili ziren baloia hartu, pasa, kendu, meleak eta entseguak egiten eta haiek transformatzen. Gainera, azken zatia, umeekin eta zaleekin batera jokatu zuten. Elkarren arteko giro paregabea sortu zen.

Atzo, 40 bat errugbi jokalari beteranok bat egin zuten Ezoziko Futbol Zelaian, Sora Rugby Taldeak antolatutako Errugbi Jokalari Beteranoen arteko partida jokatzeko. Urrun samarreko (Iruñea eta inguruak, Madril…) zein gertuagoko (Eibar, Elgoibar…) jokalariak elkartu ziren topaketan, batzuk baita 60 urtetik gorakoak ere. 

20na minutuko hiru partida jokatu zituzten; horietako bi beteranoek elkarren kontra eta hirugarrena, berriz, topaketara gerturatu ziren umeekin eta zaleekin. Azken horien artean, zelaira salto egin eta lehendabizikoz errugbian aritu ziren Sora Rugby Taldearen babesleetako bi: Eizagirre eta Fogasler.

 

Lehiaketa izan ez arren, gogotik jokatu zuten beteranoek. 8 bat entsegu egin zituzten, baita pare bat transformatu ere eta 13:00ak ingurura arte ibili ziren errugbian, izerditan blai. Partiden ondoren, kirol horretan horren estimatua den hirugarren zatiarekin borobildu zuten topaketa.