XXI. urteurrena

"Aitortza eta erreparazioa" eskatu zuten Asier Herizendako eta Iñaki Saezendako

Ubane Madera Zangitu 2022ko ira. 9a, 11:03

Herritarrak elkarretaratzean, atzo.

Atzo, irailak 8, 21 urte bete ziren Asier Heriz soraluzetarra eta Iñaki Saez eibartarra auto istripuz hil zirela herriko Lurdes Txurruka presoa bisitatzera zihoazela. Istripu berean, Irantzu Benito soraluzetarra larri zauritu zen. Bada, bi gazteak gogora ekartzeko eta haien heriotza sakabanaketa politikoak eragindakoa izan zela salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean 75 bat herritarrek. “Aitortza eta erreparazioa” eskatu zuten besteak beste.

Atzoko elkarretaratzean, Etxerat elkartetik, ​euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkartetik helarazitako komunikatua irakurri zuten.

Haren bitartez, salbuespeneko espetxe politika salatu zuten, gogora ekarriz sakabanaketak, “zuzenean edo zeharka, 35 euskal preso politiko eta horien 16 senide eta/edo lagun hil” dituela. Gaineratu zuten bi pertsonak bere buruaz beste egin zutela “espetxeratzea saihesteko” eta azpimarratu zuten kasu horietan guztietan “salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabakigarria” izan dela.

Saihestu zitezkeen heriotzak

Gogora ekarri zuten “mendekuaren eta zigor erantsiaren gainetik, giza eskubideak nagusitu izan balira”, heriotza horiek guztiak “saihestu” egin ahal zirela. Horregatik, “aitortza eta erreparazioa” eskatu zuten: “Asier eta Iñakiren heriotzek lekua izan behar dute memoriaren mapan, etorkizuneko bizikidetza eraikitzen jarraitu ahal izateko”.

Gaur, barikua, eguerdian bi gazteek aldeko oroimen ekitaldia egingo dute Karakaten.