Bertan da Soraluze, mugituz! ekimenak antolatutako Frontenis txapelketa.
Aurten inoiz baino lehenago dator, izan ere, bi asteburu barrurako egin dute hitzordua, irailaren 17rako eta 18rako. “Iaz urrian egin genuen, pandemiaren ondoren orduantxe lortu genuen egitea; berez, txapelketaren data martxoa da, baina goizegi zela pentsatu zitzaigun. Bestalde, kiroldegia libre egon behar da txapelketarako eta horrek asko baldintzatzen du; adibidez, umeak oporretan daudenean jokatu behar izaten dugu. Hori horrela, bata eta bestea dela-eta, azkenean, irailean jokatzea erabaki genuen”, esplikatu dute antolatzaileek.
Txapelketako partidak 22 tantotara izango dira eta asko jota, 20 minutu iraungo dute. Izena ematen duen bikote kopuruaren arabera ezarriko dute ordutegia, baina aurreikuspenaren arabera, 08:30ak 09:00ak aldera hasiko dira partidak.
12 eta 18 bikoterendako lekua
Hain justu, bikote kopuruari dagokionez, emakumezkoen frontenis txapelketan 12 bikoterendako lekua izango da eta mistoan, berriz, 18 bikoterendako. Bestalde, eskualdeko partaidetza bultzatzeko, izena ematen duten Debarroko bikotek lehenengo euren arteko ligaxka jokatuko dute eta berau irabazten duen bikoteak frontenis txapelketa mistoan jokatuko du.
16 euro bikoteko
Izen-ematea dagoeneko zabalik dago. Parte hartu nahi duenak honako telefono zenbakira deitu behar du -600 32 63 18- edo honako helbide elektronikora idatzi –frontenis.soraluze@gmail.com-. Prezioa da 16 euro bikoteko eta irailaren 10a aurretik eman behar da izena.
Txapela, garaikurrak eta bestelako ohiko sariak emango dituzte, ez, ordea, sari ekonomikorik. “Gure filosofia da dirurik ez ipintzea txapelketan eta datorrena etorriko da ondo pasatzen duelako”, esan dute antolatzaileek.
Iazko txapelketa mistoan Lorena Barron errioxarrak eta Jony Serna burgostarrak jantzi zituzten txapelak eta emakumezkoen txapelketan, berriz, Lorena Barron errioxarrak eta Ana Garcia salamankarrak.