Irailaren 10ean, zapatua, 11:00etan hasiko da errugbi topaketa, 13:00ak bitartean. Sora Barbarians taldeak -Soraluzeko, Madrilgo, Kataluniako eta beste hainbat tokitako gizonezko zein emakumezko errugbi jokalariz osatutakoak- aurrez aurre izango du Sai zaharrak, Putre zaharrak taldea - Eibarko eta Iruñeko errugbi jokalariz osatutakoa-.
Dena den, antolatzaileek partidan jokatzeko gonbidapena egin die inguruko gazteei. Esan dutenez, ez dute zertan errugbian jokatzen jakin; aurreko topaketan hainbatek jokatu zuten eta "kriston esperientzia" izan zela esan zieten.
Horrekin batera, topaketara joateko gonbidapena egin diete herritar guztiei, "animatu eta etorri; parte hartu nahi duenak ateak zabal-zabalik ditu eta besteok animoak behar ditugu", esan dute.
Azkenik, eskerrak helarazi dizkiete Udalari, futbol taldeari, eta herriko komertzio, taberna eta jendeari: "Denon laguntza gabe ezin izango genituzke gauza hauek egin".