Espetxeetako salbuespen politikaren kontra mobilizatzeko deia, abuzturako

Ubane Madera Zangitu 2022ko uzt. 31a, 09:05

Joan den barikuan, hileko azkeneko elkarretaratzean, euskal presoek jasaten segitzen duten salbuespeneko espetxe politika salatu zuten. Halaber, abuztuan horren kontra mobilizatzeko hitzorduak egin dituzte. Besteak beste, abuztuaren 7an, hondartzetan egingo dituzte protesta ekimenak. Gogora ekarri zuten, oraindik orain, 65 euskal familia ari direla sufritzen euren senide presoei aplikatutako urruntze politika.

Urruntze politika salatzeaz batera, salatu zuten, baita ere, Ion Paroten eta Jakes Esnalen egoera. Hirurogeita hamabi urte dituzten preso horiek 32 urte daramatzate espetxean.

Mobilizazioak

Horregaitik guztiagatik deitu dituzte mobilizazioak abuzturako. Hilaren 7an Gipuzkoako, Bizkaiko eta Lapurdiko 14 hondartzatan. Eta, 3, 20 eta 26an, Gasteizen, Donostian eta Bilbon, Sareren ekimenez eta "Etxea bidea gertu!" lelopean, mobilizazioak egingo dituzte jai eta aldarrikapen giroan, “etxerako bidea egiteko prest gaudela eta etxerako bidea gero eta gertuago dagoela aldarrikatzeko, oso argi daukagulako herri aktibazioa eta herritarren bultzada ezinbesteko elementuak direla hasitako bidea egiten jarraitzeko”.

Barikuan, Soraluzen, 35 bat lagunek babestu zuten euskal presoen aldeko elkarretaratzea.