Soraluzeko Jaiak

Zapatu gauean poliziak eta anbulantzia etorri ziren

Ubane Madera Zangitu 2022ko uzt. 29a, 16:33

Zubi nagusian katigatuta zegoen kamioia libratu zuten unea.

Jaiak bukatu berritan, balorazioak egiteko ordua da. Udalak egin du berea, balorazio positiboa nabarmenduz eta herrian ere, oro har, zapore gozoa laga dute jaiek; igarri da jai-gogo handia zegoela. Halabaina, Plaentxia.eus-ek jakin duenez, izan dira hain gozoak izan ez diren zenbait gertakari ere, esaterako, lehen eguneko eraso sexista edo zapatu gaueko borrokaldia, beste zenbait gertakariren artean. 

Bariku gauean, jaietako lehen egunean, gaueko 01:30ak aldera, eraso sexista bat gertatu zen zubiko txosnagunean eta antolatzaileek halakoei aurre egiteko protokoloa aktibartu zuten, erasoa jasan zuen emakumea babestuz eta hari eraso egin zion gizonezkoa txosnagunetik kanporatuz.  

Zapatuko gaueko borroka eta arazoa autobusarekin

Zapatuko gertakariei dagokienez, Ertzaintzak esandakoaren arabera, zapatu goizaldean herritar batek larrialdietara deitu zuen anbulantzia eske, pertsona bat zaurituta ikusi zuela eta. Larrialdi zerbitzuak 06:15ean heldu ziren eta jaietako protokoloari jarraituz, istiluen kontrako polizia unitatea ere bertaratu zen. Azken hauek ailegatu zirenerako ostera, ez zen borrokarik eta anbulantziak zauritutako pertsona Mendaroko ospitalera eroan zuen.

Bestetik, Udaltzaingoaren arabera, gau horretan bertan, goizaldera, arazoak izan ziren autobus zerbitzua zela eta. Geltokian pertsona asko pilatu ziren autobusa hartzeko zain eta autobusa heldu zenean ez zuen leku nahikorik izan denak hartzeko. Horren aurrean, autobus konpainiak ez zuen errefortzuko zerbitzurik jarri eta autobusa hartu nahi zutenen artean tentsio uneak sortu ziren. Ertzaintza ere bertaratu zen. Zenbait lekukok kontatukoaren arabera, hainbat pertsonak ordu eta erdiz itxaron zuten geltokian autobusa hartzeko esperantzaz baina azkenean, autobusa hartzeko aukerarik ez zegoela ikusita, oinez joatea erabaki zuten. Hala, "eibartar talde handi bat” oinez bueltatu zen Eibarrera. 

Kamioia trabatuta

Martitzenean, eguerdi partean, kamioi bat geratu zen trabatuta zubi nagusiko pibotean. Bertatik pasatzen ziharduela, piboteak gora egin zuen eta pare parean harrapatu zuen kamoia, eta ez atzera eta ez aurrera geratu zen. Azkenean, garabi baten laguntzaz, erretiratu zuten ibilgailua, eta matxuratuta geratu zenez, beste kamioi batek etorri behar izan zuen kamioiaren karga eramatera.