Harriak jasotzen, berriz, Alex Zinkunegi eta Naiara Zumeta ibiliko dira. Gizonak eta neskak, biak izango dira Soraluzen. "Neskak sartu egin behar dira saioan, gainera maila ematen dute eta neskekin oso gustura gaude gu. Normalduta dago. Guretzat beti normala izan da, baina are eta normalago ikusten dugu orain", diote antolatzaileek.
Erakustaldiak eta lehia
Plaza Berrian da hitzordua, 13:00etan. Lehenengo, norbere erakustaldiak egingo dituzte. Aizkorarekin esku batekin, zutik, abiadan, aitzurrarekin eta kolpeka jardungo dute. Harri-jasotzaileek, berriz, hainbat pisu eta formatako harriak altxatuko dituzte.
Erakustaldien ondoren, bi hirukote elkarren kontra lehiatuko dira eta ikustaldia borobiltzeko, motozerrarekin irudi bat egingo dute.
Oso egoera txarra
Antolatzaileek esandakoaren arabera, benetan gogotsu daude Soraluzeko saiorako, batetik, aspaldi ez direlako etorri: "Badira urte batzuk azkenengo aldiz horra joan ginela eta asko poztu gara ikusi dugunean herri-kirola zelan sartu den jaietan. Oso garrantzitsua da euskal kulturaren alde eta euskal kirolaren alde lan egitea. Gainera, oso egoera txarra bizi izan dugu azken urteetan. Pandemia osoan ez dugu apenas izan erakustaldirik, %90-%95 geldi egon gara; aldiz, gastuak izaten segitu dugu, entrenatzen jarraitu dugu eta enborrekin-eta, gastuak izaten dira".
Plaza xarmagarria
Bestetik, eurendako Soraluze plaza berezia delako. "Plazari dagokionez, oso plaza berezia da Plaza Berria; oso txikia da eta publikoak beti-beti erantzuten du oso ondo, jendea oso gainean egoten da eta, gu behintzat, oso gustura egoten gara hor. Herriari dagokionez, berriz, Soraluzen etxekoak garela esan daiteke. Urtetan joan gara horra, lagun piloa dauzkagu, Soraluze guretzat plaza xarmagarria da. Aizkoran hasi ginenetik, orain dela 35 bat urte, beti-beti izan gara Soraluzen, plaza handia da hura".