Soraluzeko Jaiak

Mikel Hernandez: "Demasa izango da, jendeak dantza egingo du seguru!"

Ubane Madera Zangitu 2022ko uzt. 21a, 10:17

Caribe Mix ikuskizuneko hainbat musikari Soraluzeko Musika Eskolan. Argazkia: Fernan Oregi.

Astelehenean, bederatzi soraluzetar musikari gaztek eta hiru eibartarrek Caibe Mix ikuskizuna taularatuko dute txosnagunean. 23:00etan hasita, 2000. urteko udako abestiekin osatutako saioa osatuko dute, ikusleak dantzan jartzeko asmo sendoz. 

Honako soraluzetarrak izango dira taula gainean: Mikel Hernandez (1989) abeslari lanetan; Xabier Bengoa (1995) tronpeta-jole modura; Andoni Ariznabarreta (1999) tronboi-jole lanak egiten; Ines Laskurain (1989) teklatuan ; Juan Fernandez (1990) baterian; Aritz Arizaga (1990) tronpeta-jole; Ander Gomez (1995) gitarra-jole modura; Jondar Plata (1998) baxu-jole lanetan eta Aimar Bengoa (1991) tronboi-jole lanetan. Korista lanak egiten hiru eibartar ibiliko dira : David Suarez De La Peña (1987); Ikuska Lizarralde Baskaran (1990) eta Idurre Iriondo Ibaibarriaga (1989).

2000. urte bueltako udako abestiekin osatuko dute Caribe Mix, "La Barbacoa, Mayonesa, Salomé…". Aukeraketa egin dute taldekideen “jotzeko kapazitatearen arabera”, nahiz eta, hori bai, “kantu politenetatik” hasi.

Ikuskizuna orain dela hiru urte Gaztetxean egindako Bertsio Gauaren eta ondorengo pintxo-pote baten ondorioa da: "Bertsio Gauean egin genuen Caribe Mix, sei bat kantu-edo. Demaseko arrakasta izan zen. Gero, pintxo-pote batean komentatu genuen ondo egongo litzatekeela berriro ere Caribe Mix egitea, baina kontzertu oso bat, ordubete ingurukoa lantzea. Orain dela bi urteko jaietarako zegoen pentsatuta, baina pandemia etorri zenean alde batera laga genuen", esplikatu dute. 

Entseatzeko leku falta herrian

Jai "normalak" bueltan ikusita, orain dela hiru urteko Bertsio Gau hartan musikari izan zirenetako hiruk, Hernandezek, Ariznabarretak eta Aimar Bengoak, “galdezka-galdezka”, kide berriak erakarri eta Caribe Mix taularatzeko bederatzi musikari elkartu dira. Hilabete inguru daramate entseatzen: “Nahikoa lanekin. Asko gara eta zaila da denok elkartzea. Bestalde, zailtasun handiak izan ditugu entseatzen hasteko, ez geneukalako lokalik; leku bila ibili gara musika eskolako lokalean sartu arte. Eskerrak musika eskolari. Bertako junta esfortzu handia egiten ari da guri hau prest lagatzeko. Azpimarratu beharra dago herrian gauza politak egin ahal izateko ez dagoela entseatzeko lekurik, musika eskolako lokala ez bada”. 

Zailtasunak zailtasun, Caribe Mix laban da, emaitza, jaietan dastatuko da. "Guk intentzio ona dugu, gero zelan irtengo den… Baina, poliki-poliki badoa (barre) eta demasekoa izango da!", diote.