Soraluzeko Jaiak

Aurten, taberna gutxiago izango da zabalik jaietan

Ubane Madera Zangitu 2022ko uzt. 20a, 09:18

Jendea jaietan, kalean.

Jaiak herritarrondako eta bisitariendako gozagarri izan daitezen, lagun askok gogotik lan egin behar izaten du. Tabernariek, adibidez. Jaiek lan-karga handia sortzen diete. Aurten, gainera, hainbat tabernaren itxiera tarteko, sekula baino ostalari gutxiago ibiliko da jaietan lanean eta horrek ardura eragiten diela kontatu dute, besteak beste,  Txoko tabernako Txaro Uzinek eta Bolia tabernako Mireia Gabilondok. 

Txoko taberna

Txoko tabernan jaiak "beti" dituzte buruan; baina praktikan, "orain dela hiru bat aste hasi zen Luki eskariak prestatzen eta joan den astean iritsi ziren lehenak", dio Txaro Uzinek. 

Hark azpimarratu du "buruko-min handia" dela jaiak prestatzea: biltegia egokitu, materiala sartu, guztiak ondo funtzionatzen duela ziurtatu, edariak hotzak egongo direla… "Janariarekin berdin. Jaietan eguerdian sarrerakoak, oilaskoa eta saiheskia egiten ditugu, errazago izateko jende guztiari eman ahal izatea. Hala ere, pentsatu egin behar da zenbat genero eskatu". 

Aurten, kezka berezia

"Dena ondo irteten bada satisfakzio handia da; zailena asmatzea da"

Langileei dagokienez, lan-talde osoak (bederatzi lagun) egingo du lan eta orduka beste pertsona baten errefortzua izango dute. Lanorduak, berriz… "Denok dakigu lan egin behar dela eta 10-12 ordu inork ez dizkizu kentzen. Dena den, langileekin oso gustura nago, oso jarrera ona dute. Hori bai, aurten, zalantza handia dugu, berez, ez gara gaueko martxa izaten duen taberna bat, afal osteko dantza-saioaren ondoren bukatzen da normalean, baina aurten, Edurtza itxita, Gila itxita…ez dakigu zer izango den. Buruko-min handia da". 

Zailenari buruz galdetuta, berriz, "asmatzea" dela dio. "Jaien aurretik lan handia dago, jendeak ikusten ez duena. Baina dena ondo irteten bada, giro ona egoten bada… satisfazio handia da. Baina hori da zailena, asmatzea". 

Bolia taberna

Apirilean hasi zen Mireia Gabilondo jaiei begira Boliarako materiala gordetzen, aurtengo egoera ezohikoa aintzat hartuta. “Urte normal baten, ekaina inguruan” hasi ohi da.

Bistakoa da jaietan taberna-lana gogorra dela. Bolian 7 langile ibiliko dira. Goizean 12:00etatik 22:00ak arte eta gauean 22:00etatik 07:00ak arte, edariak "atera eta atera eta musika kontrolatu. Musika ia edariak bezain inportantea da. Orain spotify dugu, lehen udako kantuak hasteaz bat (apirila-maiatza) hasten ginen jaietarako musika prestatzen; sakratua da, ez zaio inori lagatzen", dio Gabilondok. 

Taberna gutxiago

"Plazentziako gazteak, 0tik 100era, 150ekoak dira"

Gainera, tabernako arduradunei lan handiagoa egitea tokatzen zaie: “Koinata eta biok 07:00ak aldera etortzen gara garbitzera. Putzua egoten da kanpoan eta barra barruan”. Lan "atsegin" horren ondoren, Gabilondok barrako eguneko txanda betetzen du beste langile batekin eta senarraren laguntzarekin. Senarra, berriz, gaueko txandakoei laguntzen ere ibiltzen da. 

Eurengatik balitza, jaiak "salto" egingo lituzkete, zapatua, bereziki. “Gaitzena da, kanpoko jendearekin lan egiten duzulako. Azpimarratuko nuke mila aldiz Plazentziako gazteak, 0tik 100era, 150ekoak direla; erraza da eurekin lan egitea, ez da gauza bera kanpokoekin. Aurten, gainera, Edurtza itxita dago, Gilarekin ez dakigu zer gertatuko den. Etor daitekeenarekin benetan arduratuta gaude”.