Berritasunez betea dator aurtengo Open Air Gune Musik jaialdia. Batetik, jaialdia egun osokoa izango da; goiz partean, Electro Bermuta egingo dute eta arratsaldean, berriz, festa, 16:30ean hasi eta 03:30ak arte. Bestetik, aurtengo jaialdiak eszenatoki bakarraren partez, bi eszenatoki izango ditu.
Electro Bermuta
Goizeko berritasunari dagokionez, 11:30ean hasi eta hiru orduko Elektro Bermuta proposatu du Gune Music-ek uztailaren 23rako. "Muntatuko dugu chill out moduko bat, musika lasaiarekin, jendea goizean etor dadin hona ere poteotxoa egitera; nahiko genuke kiroldegi gaina jaietako herriko gune bat gehiago bilakatzea, zubiko txosna bezala. Aukera badugu terraza txikitxo bat ere muntatuko dugu jendearendako", esplikatu du Mikel Apariciok.
Gune bat "lasaiagoa" eta beste bat "gogorragoa"
Eszenatokiei dagokienez, berriz, haietako bat, iaz moduan, kiroldegiko egurrezko lurzoruan egokituko dute. Bestea, berriz, parean, skate parkean. "Skate parkean musika lasaiagoa izango da, Tech House estilokoa eta bestean, berriz, apurtxo bat gogorragoa, Techno musika", esplikatu du Gune Music kolektiboko Mikel Apariciok.
11 artista
Artistei dagokienez, 11 lagunek jardungo dute musika pintxatzen. Soraluzekoak hiru, Gune Music kolektiboko Dinnamickal, I+D eta herrian estreinaldia izango duen Ruda aka Rigidman. "Adur [Odriozola] izan da azkeneko fitxajea. Demaseko potentziala dauka", dio Apariciok. Gainontzeko musikariak etorriko dira Eibartik, Bergaratik, Donostiatik, Nafarroatik, Gasteiztik eta Kantabriatik. Kartel-buruak, berriz, izango dira Ibailo, Unfaith, Adrian Oblanca eta Ibon Vidal.
"Mugimendu dezente"
Open Air Gune Music jaialdirako sarrera doan izango da eta antolatzaileek "mugimendu dezente" espero dute. "16 urtetik gorako edozein etor daiteke. Jendea iada hasi da esaten etorriko dela. Mugimendu dezente espero dugu. Udalari eskatu diogu alde batzuk ixtea, ez egoteko interferentziarik. Aurrean eta atzean, berriz, bizilagunik ez dugunez, espero dugu dena ondo eta lasai joatea" esan du Apariciok eta zera gaineratu du Adur Odriozolak ondotik: "Animatu etortzera, ez bakarrik arratsaldean, goizetik etorri eta ikusi anbientea, datorrenak ondo pasatuko du".