Soraluzeko Jaiak

Puntako bertso jaialdia domeka arratsaldean

Egoitz Unamuno 2022ko uzt. 19a, 15:13

Domekan kantatuko duten bertsolariak.

Duela bi urte hasitako bideari jarraituz, aurtengo jaietan ere bertso jaialdia antolatu dute. Domekan egingo da, arratsaldeko 18:30ean hasita, Frontoiko eszenatokian.

Hirugarren urtez, Soraluzeko Bertsora bertsozale taldeak jaialdia antolatuko du Santiago-Santa Ana jaietan. Aurten ere punta-puntako bertsolariek eta gai-jartzaileak osatuko dute taldea. Kantuan ariko dira Alaia Martin, Saioa Alkaiza, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga eta gaiak ematen, berriz, Amaia Agirre bertsolaria. 
 
Aurreko bi urteetan ez bezala, aurten jaialdia ez da Santiago Egunean egingo, uztailak 24an baizik. Eneko Beretxinaga Bertsora taldeko kideak azaldu du zergaitia: "Pandemia garaian, Santiago egunez antolatu genuen jaialdia baina aurten, jaiak normaltasunez egingo diren honetan, iruditu zaigu domeka arratsaldea momentu aproposagoa dela bertso saioa egiteko". Aurten, jaialdia jaien hirugarren egunean egingo da, domeka arratsaldean, 18:30ean hasita.
 
Lekuari dagokionez, jaialdia aurre edizioetako leku berean egingo dute, Frontoiko eszenatokian eta sarrera debaldekoa izango da.