Mugertzak gaineratu duenez, zezen biziak izango dira: "Pixka bat mugituak gustatzen zaizkio jendeari, bestela aspertu egiten dira; beraz, halakoxeak. Gainera deskantsatuta daude aspaldian. Pandemia kontu honekin geldi egon dira bi udatan, eta, oraindik ere, leku gutxitan ibili dira, denboraldi hasiera delako".
Goizean, 07:30etik 09:00ak arte ibiliko dira zezenak Plaza Berritik Plaza Zaharrerainoko tartean, Soraluzeko gaiteroek girotuta. Iluntzean, berriz, 19:00etatik 20:30ak arte berriro soltatuko dituzte zezenak eta Eibarko Ustekabe txarangak girotuko du saioa.
Mugertzak adierazi du "edozeinendako" modukoak direla bi saioak. "Ibilita ikasten da. Betiko gazteak irtengo dira, berriak ere bai, errekortatzen ibiltzen diren beste batzuk… denak saltsa berean ibiliko dira". Hori bai, gogora ekarri du 16 urtetik gorakoak bakarrik ibil daitezkeela zezen handiokin.
Zezentxoak eta poniak
Dena den, aurten, helduendako ez ezik, umeendako ere izango da zezenekin jolasteko aukera, 17:00etan, zezentxoak eta poniak izango dira Plaza Zaharrean. "Han izan ginen azken urtean zezentxoak programatuta zeuden, baina euria egin zuen bota ahalean. Kalea arriskutsu zegoenez, zezentxorik ez botatzea erabaki zen. Horregatik aurten lehen aldia izango da", esplikatu du Arno ganadutegiko ordezkariak.
Umeendako zezentxoen kasuan, "ahal den eta txikienak", ekarriko dituzte "3,4,5 hilabetetik hasi eta urtebetera artekoak". Mugertzak esplikatu duen moduan, "ahal den eta bizienak, baina adar txikienak" dituztenak izango dira plazan.
Zezentxoak ordu erdian edo hiru ordu laurden inguruan ibiliko dira plazan. Ondoren, poniak aterako dituzte mutrikuarrek. "Askotan, ume txikiak gurasoekin ibiltzen dira poniekin eta haiendako ere izan dadin", dio Mugertzak.
Guztia gertu dute, bada, Santa Ana egunerako. Mutrikuarrek soraluzetarrak eta inguruko zezenzaleak bertara daitezen"animatu" nahi dituzte, "ahalik eta ondoen pasatzera"; hori bai, Mugertzak gogora ekarri du "zezena jolasteko" izaten dela "baina ez abusatzeko".