Soraluzen eraso sexistarik gabeko jaiak nahi direla bultzatu eta bistaratu nahi du Soraluzeko Udalak landu duen kanpainak. Hainbat elementu baliatuko dituzte horretarako.
Alde batetik, eraso matxistei zein LGTBIfobikoei aurre egiteko protokoloa banatuko dute tabernetan eta txosnetan. Horrez aparte, SexuBizi izeneko babesgunea jarriko dute jaietako zapatuan 23:00etatik 02:00ak arte, Gaztetxe ondoan, aholkularitza eta beharrezko ikusten den laguntasuna emateko. Gainera, udaletxeko fatxadan loneta zintzilikatuko da, edozein motatako erasoren bat jasan edo haren lekuko izanez gero, gertakaria salatzeko telefono-zenbakiekin.
Bestalde, gazteei zuzendutako gida banatuko dute, Eraso sexistarik gabeko egun eta gauak izenburuarekin.
Banderolak eta zapiak
Azkenik, modu ikusgarrian haizatuko dira berdintasunaren, askatasunaren eta errespetuaren aldeko mezuak. Horretarako banderolak zintzilikatuko dituzte zubiko, Plaza Zaharreko eta Etxaburuetako faroletan, honakoen moduko leloekin:
- Bizi ditzagun jaixak askatasunez eta plazerez
- Jaietan denak ez du balio
- Izan zeure buruaren jabe
- Erasoen aurrean, autodefentsa feminista
- Bizi sexualitatea askatasunez» (Sexualitatea askatasunez bizi du)
- Ezetz beti da ezetz ! eta abar
Horrekin batera, lepoko zapiak ere aterako dituzte, honako leloarekin: Soraluzeko Jaixetan Aske Gozatu.
Kanpaina udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesarekin adostu da.
Patricia Borinaga Berdintasuneko udal arduradunak azaldu duenez, jaiak, eta are gehiago pandemiaren ondorioz bi urteko etenaldiaren ondoren ospatzen direnak, momentu aproposak dira "berdintasuna lantzeko, ikusgarritasuna emanez eta edozein indarkeria matxista edo LGTBIfobikoei arbuioa eta zero tolerantzia adierazteko". Izan ere, "jaiak askoz gehiago eta hobeto gozatzen dira errespetutik eta tolerantziatik".