Aurten, bost egunez luzatuko dira Santiago-Santa Ana jaiak, uztailaren 22an hasi (barikua) eta uztailaren 26ra arte (martitzena).
Azken urteotan moduan, gazteak izango dira jaiak hasten lehenak, barikuan bertan egingo duten bazkariarekin; horren ondoren futbito txapelketaren finala jokatuko da eta gero jaurtiko da kanoikada, 20:00etan, udaletxe aurretik. Justu lehenago, aurten protagonista izango diren anbulatorioko erizainek eta medikuek eta Mesedeetako egoitzako langileek pregoia irakurriko dute, udaletxeko balkoitik.
Polo Opuesto, Tio Teron
Behin jaiak hasita, Galtzagorrien txaranga ibiliko da kalerik kale eta bariku gauean, besteak beste, Polo Opuesto rap bikoteak eta No Limits taldeak kontzertua eskainiko dute zubiko txoznagunean eta Demode Quartet taldeak, berriz, Plaza Zaharrean.
Hortik aurrera, tradiziozko ekitaldiak hitzordu berriekin tartekatuko dira martitzenera bitartean. Adibidez, jaietako zapatuan, Tio Teron taldearen dantza ikuskizuna eta Oihan Vegarekin disko festa izango dira; domekan, lehen aldiz, goi mailako bertso saioa izango da, Alaia Martinekin, Saioa Alkaizarekin, Unai Iturriagarekin eta Amets Arzallusekin eta martitzenean, berriz, zezenak, apar festa eta bakailao lehiaketa arrakastatsua izango dira.
"Pozez eta itxaropenez"
Jaien aurkezpenean, besteak beste, aurtengo Jai Batzordean parte hartu duten taldeetako hainbat ordezkari izan ziren. Zentzu horretan, Iker Aldazabal alkateak eskerrak helarazi zizkien “Jai Batzordeko ordezkariei zein udal ordezkari eta teknikariei egitarau zabala eta anitza prestatzeko egiten duten lanagatik”.
Horrekin batera eta gogora ekarriz aurtengoak pandemiak baldintzatutako bi urteren ondorengo jaiak izango direla, prentsa ohar bitartez, jaiak “pozez eta itxaropenez” ospatzeko gonbitea egin du Iker Aldazabal alkateak. “Pozarekin hartuko ditugu egun hauek, pandemiaren bi urte gogorren ondoren normaltasunera itzultzea esan nahi baitu horrek ere. Gogoratu nahi ditut hemen ez dauden pertsonak eta oso egoera mingarrietan lagun izan dituztenak. Eta aitorpen horretatik, etorkizunera begira jarri eta jaiak pozez eta itxaropenez bizitzera gonbidatu nahi ditut soraluzetarrak”.
Egitarau osoa ikusgai dago Soraluzeko Udalaren webgunean HEMEN.