Soraluzeko Jaiak

Datorren astean iritsiko dira autotxokeak

Ubane Madera Zangitu 2022ko uzt. 10a, 09:01

Barraketako kamioia Mendiola industrialdean.

Bi aste besterik ez dira falta Santiago-Santa Ana jaietarako eta dagoeneko hasi dira jaietako lehen osagaiak iristen. Adibidez, Mendiola industrialdean aparkatuta daude barraketako batzuk, Erregetxean noiz ipiniko zain. Lehenak, autotxokeak, uztailaren 13an ipiniko dituzte, eta uztailaren 27ra arte izango dira herrian. 

Uztailaren 13an, eguaztena, libre laga behar da Erregetxea, 07:30erako. Egun horretan iritsiko dira aurtengo jaietako lehen barrakak: auto-txokeak. Erregetxeko fondoan jarri behar direnez, muntatzen lehenak izan behar dute, ondorengoei lekua egiteko.

Behin autotxokeak muntatuta, gainerako atrakzioak etorriko dira. Aurten,  lapiko handia, txurreroa, ohe elastikoak, tiro pitxoia, zezentxoak eta Txiki Park-a izango dira herrian.

Uztailaren 21ean, euro bat

Prezioei dagokienez, barraketako buelta baten prezioa izango da 2 euro (2019ko berbera) eta 6 buelta, berriz, 10 euro. Ohi denez, egun batean prezio merkeagoa izango dute, aurten uztailaren 21ean; egun horretan euro bat kostako da buelta bakoitza. Bestalde, 100 fitxa (50 barrakek emanda eta beste 50ak Udalak ipinita) baliabide gutxi dutenendako erreserbatuko dira.