Gureak Taldeak gaur egun Eroskiren hiru saltoki kudeatzen ditu frankizia bitartez, bi Gasteizen eta beste bat Azpeitian. “Oso esperientzia ona izaten ari da. Proiektu inklusiboa da baina datu hotzei erreparatuta ere positiboa: pandemia garaian denda hauek oso ondo ibili ziren salmentei dagokienez. % 15 gora egin zuten”, esan dute Eroskiko iturriek.
Azpeitikoaren antzerakoa
Azpeitiko supermerkatua izan zen Gureak Taldearekin elkarlana gauzatu zuen lehena, orain dela zazpi urte. Orain, proiektu inklusibo hori Soraluzen ere abiaraziko dute. Hain justu, Estazinoan egokitzen ari diren saltokiak eta Azpeitikoak, adibidez, antzekotasun handiak dituzte, bai ezaugarrien eta baita tamainaren aldetik ere.
Hori horrela, Azpeitian moduan, hemen ere, lanean jardungo duten langileen erdiak nahiko autonomoak izango dira eta kutxan artatzeko eta erabakiak hartzeko gaitasuna dute. Gainerakoek laguntza handiagoa behar dute eta gainbegiratzen egotea, horregatik, zeregin mekanikoagoak egingo dituzte. Emandako xehetasunen arabera, langile horiek “seguru aski eskualdekoak” izango dira.