Atzoko osoko bilkura laburra izan zen. Zazpi puntu zituzten mahai gainean eta bozkatu beharrekoak aho batez onartu zituen udalbatzarrak.
Esanguratsuena da onartu zutela oinarrizko babesa ematea Muskiritzuko aztarnei, kasu honetan lau elementuri eragiten dio horrek: Karakateren magalean izan zen erromatar kanpalekuaren aztarnei eta hiru zistari: Gortazar, Otsoaldaso I eta Otsoaldaso II.
Oinarrizko babes horren bitartez, Muskiritzuko aztarnak HAPOren katalogoan sartu (Hirigintzako Plan Orokorra) eta horrek babestu egiten ditu, mendigainak gaur egun duen “mehatxuaren” aurrean, alkateak esan zuenez.
Bestalde, puntu berean, eskerrak helarazi zizkien indusketetan boluntario lanak egiten ibili diren herritar guztiei eta eskerron berezia helarazi zion Jesus Tapiari, bera izan baita indusketak bultzatu eta zuzendu dituena.
Onartutako bestelakoak
Osterantzean, atzo onartutakoen artean, honako puntuak izan ziren, besteak beste:
- Uztailaren 26a izendatzea datorren urteko jai-egun ofizial.
- 2021ko Kontu Orokorra behin betiko onartu zuten.
- Soraluzeko Udalaren eta Gipuzkoako Ur kontsortzioaren arteko uraren ziklo osoaren kudeaketa agindua eta hura arautzen duen hitzarmena. Horren bitartez, Ur Kontsorzioak herritarren datuak kudeatu ahal izango ditu.