Udalak marka berria eta "ekimen plan berria" aurkeztu ditu

Ubane Madera Zangitu 2022ko uzt. 7a, 18:17

Soraluze Bizi 2022-2030 irudiarekin, aurrerantzean Soraluzeko Udalak erabiliko duen marka berria aurkeztu dute gaur goizean. Horrekin batera, herrian garatzen ari diren eta garatuko diren zenbait proiekturen berri eman dute prentsaurrekoan. Esplikatu dutenez, irudi berriarekin, besteak beste, “herriaz harro” daudela adierazi eta soraluzetarrak “herriaz harro sentiaraztea bultzatu” nahi dute.

Iker Aldazabal alkatea eta Veronica Galarraga Hezkuntza eta Hizkuntza Politikako zinegotzia izan dira goizeko prentsaurrekoan. Udalaren marka berriari buruzko azalpenak eman dituzte lehenengo. 

Dolmenak, aniztasuna eta bizitasuna

Alkateak esplikatu dutenez, Soraluze Bizi 2022-2030 markaren baitan “oso gurea den irudia” azaltzen da, Dolmenen Ibilbideko “dolmenak eta menhirra”, kasu honetan, “Aranzadiren liburuan ere azaltzen den Arribiribiletako menhirra”. Gai horrekin lotuta, alkateak Dolmenen Ibilbideko proiektua sustatzen jarraitzeko eta bertan sakontzeko asmo irmoa erakutsi du. 

Bestalde, marka berrian azaltzen diren tamaina eta forma desberdinetako dolmenen bitartez, Soraluzek duen “aniztasuna” irudikatu nahi dutela azaldu dute, “herri anitza dela” erakutsi.

Azkenik, esaldiaren hitz jokoa azaldu dute: Sora Luze Bizi 2030, Soraluze “luze biziko den herria” dela adierazi asmoz. Markak duen kolore berdea, berriz, ingurumenarekiko dagoen konpromisoaren erakusle dela azaldu dute. Halaber, 2030eko data ere arrazoi berarengatik azaltzen dela logoan, ingurumen proiektuekin lotutako agenda 2030ari erreferentzia eginez.

Zertan ari diren eta zer egin nahi duten

Behin marka aurkeztuta, herrian garatzen ari diren eta etorkizunean garatu nahi dituzten hainbat proiekturen berri eman dute goizeko hitzorduan.

Proiektuok bost esparrutan aurkeztu dituzte:

1- Berrurbanizatu, irisgarritasuna bermatu eta zerbitzuak egokitu:
Epigrafe horren baitan "auzoak biziberrituz" segituko dutela esan dute. Adibide modura jarri dute SAPAko lehen pabiloia zaharberritzeko proiektua.

Horrekin batera, laburbilduz, honako lanak iragarri dituzte: 

  • Santa Ana 2ko eraikina (zubikoa): jaiak bukatu ondoren hasiko dira hura botatzen.
  • Pascual Churruca: urte amaieran hasiko dira bertako kutsadura garbitzeko lanak eta 2023 urte hasieran hasiko dira fabrika botatzen.
  • Asfalto-lanak: Loralde-Arraikuakoei jarraipena emango diete, Estazio kaleko 1-3ra arte; Etxaburuetatik Erregetxerainoko berrituko dute eta baita ere Atxuriko farmazia ondoko bidegurutzea. Landa-eremuan, berriz, Irure auzoko bideak asfaltatuko dituzte.
  • Itxaropena elkartea: astelehenean, uztailaren 11n hasiko dira bertako komunak zaharberritzeko-lanak. Halaber, elkarteko terrazarako irisgarritasuna bermatuko duen proiektua lantzen ere hasiko dira. Besteak beste, horrek esan nahi du, gutxienez, irailera arte itxita izango dela Itxaropena elkartea.
  • Ur-txorrotak: Itxaropena elkartearen ondoko “petanka-gunean” ur-txorrotak eta haur parke bat jartzeko proiektua nahi dute gauzatu. Esandakoaren arabera, proposamen baten zain daude.
  • Gaztelekua: argiteria berrituko dute; armairu berria jarri eta billarrerako mahaia erosi.
  • Ikastetxeak:
  • Plaentxi Herri Eskolan: gogora ekarri dute patioraino iritsiko den igogailu panoramiko bat egiteko proiektua idazten dabiltzala Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza  Sailarekin elkarlanean. Esan dute patioko lurra lisatu egingo dutela, futbol zelaiko marrak margotu eta estalpeko argiteria berritu.
    Haurreskolan: udako oporrak aprobetxatuz, lurra berrituko dute. 

2- Enplegua bultzatu:
Batetik, egiten ari diren proiektuak ekarri dituzte gogora: Elkarrekin egitasmoa (Ahalduntze proiektua), beste urtebetez luzatuko dena; Kalebarren 8ko lokala zaharberritu eta bertan enplegu eta gizarteratze zerbitzu berria jartzeko obrak eta Debabarreneko ponentzia. Azken horri buruz, espero dute urte bukaerarako “ondorioak izatea eta hortik baliabideak etortzea”. 

Bestetik, etorkizunerako asmoak iragarri dituzte: “bertako merkatarien ondorengotza eta ekintzailetza bultzatzeko” dirulaguntza lerro berria, Bizikalerekin. Olaldeako Udalaren jabetzako pabiloian (Leteren garajeenekoan) nahi dute egokitu Soraluzeko eta Debabarreneko gazteei zuzendutako Eskola Tailerra, hainbat gremioren gaineko formazioa partitzeko: igeltserotza, elektrizistak, margolariak… Halaber, Eskola Tailerreko praktika-lanak aprobetxatuz, pabiloian lokalak egokitu nahi dituzte herriko elkarteei begira, “adibidez, bertan entseatzeko”. 

3- Kultura eta aisialdia: “Herriko eragileekin elkarlanean” hileko agenda kulturala banatzen jarraituko dutela esan dute eta “auzoetako festak babesten”, herriko jaiak ere aipatzeaz bat. Horrez aparte, iragarri dute bukatzear direla Linazibar aisialdi guneko lanak eta udazkenerako Soraluzeko historiari buruzko liburu berria aurkeztuko dutela, Javier Elortza historiagilearen eskutik. Azkenik, gogora ekarri dute hitzarmenak sinatu dituztela Pil-pilean elkartearekin eta Soraluzeko Musika Eskolarekin. 

4- Herri garbia eta segurua: lehenengo, azpimarratu dute hemen ez dela ez indarkeria matxistarik eta ezta bestelakorik ere onartzen. Ondoren, iragarri dute abuztuan garbiketa bereziak egingo dituztela hainbat gunetako espaloietan; kaleko argiteria berrituko dutela arazoak dauden guneetan; kamerak jarriko dituztela herriko sarrera-irteeretan eta astelehen honetan, Irukurutzetako biribilgunea argiztatzeko sei farola jartzeko lanak hasiko dituztela. 

5- Energia berriztagarriak eta ingurumenaren babesa:
Azken puntuaren baitan, gogora ekarri dute eguzki-panelak jarriko dituztela kiroldegi gainean eta futbol zelaiko argiztapena led argiengatik aldatuko dutela. Iragarri dute Araneko kultura esparruko leihoak aldatuko dituztela, kutsadura akustikoa eta energia galerak ekiditeko. Esan dute mendi gainean lursailak erosten segituko dutela eta bertako zuhaitzak landatu. Azkenik, gogora ekarri dute lehiaketara atera dituztela Sologoengo mantenu-lanak eta zentral horrek herriari egiten dion zerbitzua nabarmendu dute.