Presak botatzea ATZERA EZINEZKO ERABAKIA da, eta azken bileran proiektu-taldeak esandakoak eta erakutsitako jarrerak oso kezkatuta nauka. Bi puntu azalduko ditut (bada gehiago):
1/ Europako proiektu azalpenean, Merlinek bere web orrian esaten du hamar presa botata Deba bailaran onura hauek lortuko direla: baso berriak, turismo gehiago, enpresa "berde" berriak eta indar elektriko gehiago (argazkia azpian). Baina, Soraluzeko bileretan behintzat, onura hauei buruz berbarik ez dute egin.
2/ Horretaz gain, nahiz eta Merlinek berak kasu bakoitzeko koste-onurak aztertzeko eskatzen duen, azterketa hau ez da inundik agertzen, eta presak botatzeko ahaleginetan hasi dira.
Orain arte, proiektuaz hitz egiterakoan "zer" egin behar duten azaldu digute, baina zer irabazi eta zer galduko dugun ez dute zehaztu.
Koste-onurak aztertu baino lehen presak botzatzea, kasu onenean, ausartegia da. Eta txarrenean...
Badira puntu kezkagarri gehiago, baina bi hauek nahikoa dira larritzeko. Gustora asko entzungo nituzke lasaitzeko arrazoiak, baina lau aldiz galdetu nien kostu-onuren azterketa eginda dagoen, bai ala ez, eta ez nuen erantzun garbirik jaso.
Laburbilduz, atzera ezineko erabakirik EZIN da hartu ganorazko proiektu bat ezagutu arte (helburu garbiak, eta eragina ondo neurtua). Beraz, uste dut aldeko eta kontrako eraginak ondo landu behar direla, gero soraluzetarrok erabakitzeko. Hau da, erreferenduma.
Azkenik, gogoratu Europako AMBER proietu-buruak esana: "Presak eraiki zirenean ez zuten kontutan hartu eragin ekologikoa, eta kentzerakoan ezin ditugu akats berberak egin" (Carlos Garcia de Leaniz doktorea, Swansea-ko unibertsitatea).