Boxeo erakustaldia Bergaran egiteari buruz galdetuta, Rodriguezek esplikatu du Sorabox klubeko Josu Zalakain eta Andoni Kortabarria bertakoak direla. Gaineratu du batik bat Zalakaini begira antolatutako ekitaldia dela, zorte txarra tarteko, hark boxeolari moduan borroka bakarrean parte hartu ahal izan baitu orain arte.
Hain zuzen, Iosu Zalakainena izango da azken borroka, debuta egingo duen Gorka Belauntzaran –Errenteriakoa– kontra: "Ondo nago, topera. Lana eginda dago, bi hilabete egon gara topera entrenatzen, eta fisikoki oso ondo ikusten dut neure burua. Zapaturako gogoz nago", adierazi dio bergararrak Goiena Komunikazio Taldeari.