Tribuen kontseilu baten antza hartzen hasi zen orduan bilera, non buruzagi batzuek, emozionalki zaurituak, haurtzaroaren zati bat kentzera datozen atzerritarren mehatxupean, gogor argudiatzen zuten presak eraistearen aurka: “non egingo dugu presarik gabe igeri?” (duela 50 urtetik bainatu ezin den ibai batean), “arrainek ez dute inolako arazorik oztopoak gainditzeko” (bai, badute eta behar bezala aztertua dago), “Ibaian arrainak izan direla bizitza osoan” (ibaira milaka m3 azido isuri izan direnean), “presak 500 urte dituela” (gizakiak gutxienez 20.000 urtez Deba ibaiaren ibarretan bizi izan direnean), “ibaian ez dela urik geratuko” (ibaiak ur-kopuru bera darama, presekin edo presarik gabe), etab.
Eta beste argudio nagusia, "non eraikiko ditugu zentral hidraulikoak hainbeste behar dugun energia berriztagarria lortzeko presak kenduz gero?". Nire ustez argudio honek ez du balio. Etorkizunean zeregin horretarako azpiegiturak eraiki behar badira, presa zaharrak eraitsi egin beharko dira eta egitura berriak altxatu, leku berberetan edo beste batzuetan.
Guzti honetan, ironikoena zera da, ibaia zeharo suntsitu genuela industria-isurketen eta saneamendu faltaren ondorioz, baina orduan inork ez zuela ezer esan. Orain berriz, asaldatu egiten gara ibai natural batekin zerikusirik ez duten egitura artifizialak kenduko dituztelako.
Ez al da logikoa eta praktikoa, planteamendu maximalistetatik ihes eginez, garrantzia gutxien duten 4 presetatik 2 kentzea eta beste bietan moldaketak egitea sortzen duten ingurumen-eragina gutxitzeko?
Bukatzeko, nabarmendu nahiko nuke Euskal Herriko Unibertsitateko bi irakasle hauek egiten ari diren lana, 30 urte daramatzatelako Euskal Herriko ur gezako ekosistemak aztertzen. Errespetua eta esker ona zor diegu.