Soraluzeko hiri-eremuan, Deba ibaian, presak eraistutzeko proiektu bat da eskuartean darabilguna, ibaia birsortzeko helburu laudagarriarekin. Hala ere…
1. Entzundakoak zalantzan jartzen du ibaia leheneratzea dela helburua. Ibaiaren birsorkuntzaren interes zientifikoa argudiatzen da, baina interes hori zalantzan jartzen da txostengileek erantzun mutua eman zutenean bertaratutako batek ibaira kontrolik gabeko isurketak egiten ari direla salatu izanari. Ez zuten zirkinik ere egin hain salaketa serioaren aurrean, “gu horretarako ez gaude, presak kentzea da gurea” esatera mugatuz. Benetan ibaia leheneratu nahi bada, uste dut proiektuak planteatutakoak baino lehentasun handiagoko jarduerak daudela egiteko. Denetan garrantzitsuena, uraren kalitatea bermatzea izan beharko litzateke, ingurunearen garbiketa integralarekin jarraituz.
2. Ziurgabetasunez beteta dago, eta fede-arazo bihurtzen da. Ez da proiektuaren ondorio eta emaitzei buruzko inolako simulaziorik azaldu edo erakutsi; hala ere, intuitiboki aurreratu daiteke gure hiri-paisaiaren hain adierazgarria den egungo ur-lamina galduko litzatekeela. Hori al da herritarrok nahi duguna?
3. Ibaia, hiri-ingurunean, uraren fluxu natural hutsa baino askoz gehiago da. Horrelako garrantzia duen jarduerarik burutu aurretik, kontuan hartu beharreko alderdi historiko, kultural, paisajistiko eta emozionalak daude.
4. Unibertsitateak eta adituek bermatuta etortzea, printzipioz, ondo dago, goian adierazitakoa gainditzen badugu. Baina, hala ere, ez da erabateko bermea. Zientzia beti ziurtasunaren eta sen onaren sinonimo ez dela erakusteko, nahikoa da hainbeste proiektu zentzugaberen IG Nobel (antinobel) ‘sariak’ aztertzea, nahiz eta ez dudan esan nahi, hori hala denik kasu hontan.
Laburbilduz, ibaiaren birsorkuntza ez da ez erreala ez eraginkorra, proiektuaren ondorioak zalantzazkoak dira eta ur-lamina galtzeko arriskua ziurra da, ibaia ez da bere unibertso osoan aintzat hartzen, eta abal zientifikoak ez du beti dena justifikatzen. Beraz, nik ez dut proiektu hau ‘erosten’.
Dauden itzalak ikusita eta sortutako eztabaida dela eta, herritarron artean erreferendum bat egitea proposatu nahiko nuke. Autobus-geltokiaren kokapena zehazteko erreferenduma egin bazen, are ulergarriagoa da oraingoan. Izan ere, sistema natural bat lehengoratzeko eta kontserbatzeko edozein proiektu arrakastatsua izan dadin, kaltetuek modu aktiboan onartu eta babestu beharko lukete.