Iazko udazkenean erabaki zuen Felixek tailerra traspasatzea. “Egia esateko, oraintxe bizi nintzen ondoen eta pentsatzen nuen hirogeita hamar urtera arte edo jarraitzea. Baina Inmak iragarkia ipini zuen eta azaldu zen jaun hau (Asier) ardura hartzeko prest, ondo prestatuta, eta ba bale, hartu dezala. Gero iktusak eman zidan eta horrek bizkortu zuen dena”.
“Gogotsu” eta "ilusioz"
Asierrek “gogotsu” ekin dio etapa berriari. Mekanika ikasitakoa da Mekan eta hamabost urtez Elgoibarko tailer batean jardun ostean heldu da Soraluzera. “Uste nuen bazela garaia tailer baten ardura hartzeko, baina lehengo tailerreko jabeak ez zuen nahi tailerra saltzerik. Orduan ikusi nuen Felixen tailerraren iragarkia eta esan nuen, ba oraintxe da momentua eta deitu nion. Inmarekin eta Felixekin berba egin nuen, baldintzak adostu genituen eta aurrera egitea erabaki nuen. Ilusioz eta gogoz nago, baina urduri ere bai, lan berri asko direlako. Zorionez, Inmak eta Felixek asko laguntzen didate eta oso eskertuta nago”.
“Erritmoa hartzen” dihardu. “Batzuetan lan gehiegi hartzen dut, hurrengoan, gutxiegi. Hori hobeto kudeatzen ikasi behar dut”. Felixek “lasaitasuna” aholkatu dio. “Jendeak ez zaitzala zoratu. Lana hartu, amaitutakoan deitu eta listo. Zu lasaiago ibiliko zara eta bezeroa ere bai”.
Etorkizunean, zerbitzu berriak ezartzeko asmoa du Asierrek, esaterako, “aire girotua konpontzeko makina erosita” baina momentuz “orain arteko zerbitzuen mailari eustea” du helburu.
“Dena” aldatu da
Felixek bizitza guztian zehar lan egin du mekaniko modura. “Elgoibarren ikasi nuen pintxe modura zazpi urtez. Gero, 1983an, Morgado tailerrean Txurrukenen eta handik etorri nintzen Karakate Ford-en tailerrera. 2000. Urtean zabaldu nuen Autos Felix”. Harrezkero berak eta Inmak lan egin dute bertan: “Inmak administrazio lanak egin izan ditu eta sekulako laguntza eman dit, bestela ezingo nuen dena egin”.
Urteotan lanbidean izan diren aldaketez galdetuta, Felixek dio “dena” aldatu dela, batez ere, “elektronika” sartu delako. “Hori beste mundu bat da, konplikatuagoa eta makinak behar dira denerako”. Autoen kalitateari buruz, berriz, “orain auto gehiago dago, baina matenimendu lanetan askoz gutxiago lan egiten dugu. Askok uste dutenaren kontra, lehen autoek gehiago huts egiten zuten orain baino. Lehen 2.000 kilometrorekin aldatzen zen olioa eta orain 20.000 rekin edo 30.000rekin. Lehengo autoak gogorragoak zirela? Gezurra. Lehen hirurogeira joaten ginen eta orain ehun eta hogeira. ”
Oharra: "Espero dugu Soraluzeko jendea urte guztiotan gurekin portatu den bezain ondo portatuko dela Asierrekin. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko guztioi!". Felix eta Inma.