0 KM KOMERTZIOAK

Irailean zabalduko dute Eroski

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 29a, 16:00

Hasita daude Eroski City saltokia egokitzeko obrak, Estazino kaleko 2. zenbakiko garajeetan. 350 metro karratuko saltokia egokitzen dihardute, biltegi bakoa, eta, aurreikuspenaren arabera, irailaren bigarren hamabostaldian zabalduko dute, "ezustekorik ez bada". 

Eroski Taldeko Komunikazio arduradun Kristian Prietok emandako xehetasunen arabera, honako produktuak salduko dituzte Soraluzeko establezimenduan: enbasatutakoak (haragia, txarkuteria eta arraina barne), ontziratutakoak, barazkiak, fruta, garbiketarako produktuak eta drogeria produktuak. Hortaz aparte, bere laba propioa izango du, beraz, ogia, opilak eta bestelakoak bertan egingo dituzte . 

Produktu freskoei dagokienez, berriz, Prietok azpimarratu duenez "tokiko produktuetan" jarriko dute "fokua". "Oro har, ahal den guztietan, Eroskietan eskualdeko produktuak saltzen ditugu, batez ere Gipuzkoan. Osterantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko gainontzeko saltokietan komunean ditugun produktuak salduko ditugu, Idiazabalgo gazta, bertako sagardoa, bertako haragia…", esplikatu du Komunikazio arduradunak. Hark emandako xehetasunen arabera, liburuak, jostailuak eta halakoak, berriz, ez dituzte salduko.

Astelehenetik zapatura zabalik

Funtzionamenduari dagokionez, astelehenetik zapatura bitartean zabalduko dute saltokia (biak barne), 09:00etatik 21:00ak arte, eten bako ordutegian. Gainera, erosketa etxeraino eramateko etxez etxeko zerbitzua erabiltzeko aukera ere izango dela iragarri dute. Guztira, 10 langile ibiliko dira lanean eta frankizia modura funtzionatuko du. Azken puntu horrekin lotuta, frankizia modura funtzionatzeak esan nahi du, besteak beste, Soraluzeko Eroskirako langileak frankiziaren kudeatzaileak kontratatuko dituela eta ez Eroski Taldeak.  

Bestalde, frankiziaren kudeatzaileari buruz galdetuta, Prietok adierazi du ez dutela mota horretako informaziorik ematen.