Testigantzak kontatu eta erakusteko taula bat ezarri dute Kalebarrenen, eta pegatinetan norberaren hizkuntza-ohitura edo aldaketaren berri idazteko aukera dago. Horrez gain, online galdetegi bat bidaliko diete 2018ko edota 2020ko edizioan parte hartu zuten 700dik gora plazentziatarrei. “Zer lortu duzu Euskaraldiari esker?” izango da galdera eta, horri erantzunez, herritarrek euren testigantzaren berri eman ahalko dute. Batzordeak lorpenak azaleratu nahi ditu, lorpen zehatzak, aldaketa txiki zein handiei balioa emateko eta udazkenean egingo den ariketari begira prestatzen joateko. Sare sozialetan ere elkarbanatu nahi dituzte testigantzak @euskaraldia eta #hitzezekiteko traolarekin, lorpenen berri Euskal Herri osora zabaltzeko.
Hizkuntza-ohiturak aldatu dira, neurri eta modu askotan
Orain arte jaso diren testigantzen artean, herritarrek hainbat lorpen aipatu dituzte, esaterako: elkarrizketa elebidunak, lehen hitza euskaraz egitea, harremanak euskarara aldatzea, ikasteko motibazioa, hitanoa erabiltzea... Hain zuzen, hizkuntza ohitura edo arau berri horiek gizartean indartzea izango da udazkenean egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioaren helburua, norbanakoengan zein kolektibo edota entitateengan.
Jarraian, euren lorpenak kontatu dituzten herritarretako batzuk:
GARAZI AIZPURUA"Ohitura hartu dut dendetan eta tabernetan euskaraz eskatzeko".
CRISTINA CUENCA GALLEGO: "Euskaraldiak motibatu ninduen AEKren euskaltegian apuntatzera".
XABIER ALBERDI: "Lankide batekin lehen gazteleraz egiten nuen. Orain nik euskaraz, berak gazteleraz".
MARTIN AZKARATE: "Euskaraldian tabernan hainbat bezerok euskaraz egin zidaten lehen aldiz. Sorpresa onak".
BEGO SAN MARTIN: "Euskaraldiak iraun zuen bitartean leihatilan euskaraz gehiago egin nuen urtean zehar ausartzen ez direnekin".
ESTHER IÑURRIETA: "Dendari batek belarriprest txapa zeraman, eta harrezkero euskaraz egiten dugu".
MIKEL HERNANDEZ: "Lagun batekin erdaraz egiteko ohitura neukan. Euskaralditik euskaraz egiten dugu".
XABI PAYROS AGIRRE: "Euskaraldiaren ondorioz, orain nere arrebarekin hika hitz egiten dut".
ANDER SANTAMARIA: "Euskaraldian, zapatu gau baten, bertsotan egin nuen Belarriprest batekin".
Lorpen edo testigantzaren baten berri kontatu nahi izanez gero, bete galdetegia HEMEN.
Entitateen izen-ematea zabalik
Bestalde, 2020ko Euskaraldian euskaraz lasai jarduteko ariguneak sortu zituzten entitateek zein lehenengo aldiz parte hartuko dutenek, dagoeneko zabalik dute izena emateko aukera, Euskaraldia.eus webgunean. Norbanakoek ahobizi edo belarriprest modura izena-emateko aukera, berriz, irailean zabalduko da.