Bistakoa da azken urteotan zerbitzuen sektorean aldaketa handiak ari direla gertatzen, besteak beste, kontsumo ohitura berriak eta online salmentak gora doaz, etxerako banaketa enpresen jarduna haziz doa, zentro komertzial handiak ugaritu dira… Eta Soraluze ez da salbuespena izan. Aldaketa horiek gogor ari zaizkio eragiten herriko jarduera komertzialari.
Hamasei itxi eta bost zabaldu
Azken sei urteotako datuei erreparatuz gero, herriko komertzioek izan duten bilakaeraren balantzea ez da oso positiboa. 2016tik herrian 16 komertziok itxi dituzte ateak: tabernak (3), harategiak (2), frutadendak (2), ileapaindegia, mertzeria, gozotegia, motor-denda, oinetako denda, banketxea, drogeria, azokako baserritarra eta serigrafia zerbitzua. Bi kanpora joan dira: argazki denda eta edari banatzailea. Eta gremioetan 4 zerbitzu gelditu dira bertan behera: igeltseritza (2), galdaragintza eta pintorea.
Txanponaren beste aldean daude azken urteotan herrian ateak zabaldu dituzten dituzten 5 zerbitzuak: osteopatia zentroa, tatuaia zerbitzua, fruta-denda, yoga zentroa eta arte galeria; eta erretiroagatik eskualdatu dituzten 6 saltokiak ere: harategiak (2), aroztegia, taxi zerbitzua, mekanika tailerra eta farmazia. (Datuen iturria: Soraluzeko komertzioen gida. Plaentxia.eus)