Harategian lanean, berriz, abuztuan hasiko dira. "Hasteko garai ona da. Jende gutxi dago, herriari zerbitzua emango diogu eta guk ikasteko modurik onena da. Bion artean hartuko diogu haria lanari eta jendeari", dio Zubizarretak.
"Gainera, Iñakik berak ere, abuztuan bakarrik astebete ixten du", ekarri du gogora Elizburuk. "Eta gu ere hemen egongo gara, ez ditugu bakarrik lagako", gaineratu du Etxabek.
Iñakiren bideari eutsi
Saltokiaren ezaugarriei dagokienez, bi gazteek Etxaberen bide beretik segitzeko asmoa dute. "Dena mantenduko dugu eta garai berriak eskatzen duenari erantzuten ahaleginduko gara. Rantxerek ere jarraituko dute eta jendeari eskatuko diogu ezkontzetako argazkiak ekartzeko hemen ipintzeko (barre)", dio Txanbuak.
Elkarrizketa egin bitartean, lan eta lan segitzen dute biek, pikatua egiten ikasten, kutxiloarekin zelan moztu... Badakite egiteko handia dutela. Baina gogotsu daude.
Gainera, aitortu dute amets batengatik sartu direla abentura honetan. "Behin esan nion, Jon, ametsetan egin dut harakin moduan egin behar dugula; nik ere bai! Ba orduan listo!”, kontatu du Ainhoak.
"Erosketak herrian"
Saltoa ematera ausartu dira, bai. Baina ez itsu-itsuan. Batetik edo bestetik, biek dute esperientziaren bat arloan. "Ni aspaldi nabil fruta-dendan lanean eta Ainhoa Arcelusenean hasi zen lanean. Gainera, Ainhoa sukaldaria da eta badauka ideia apur bat elikagaiez.
"Iñaki Etxabe harakinarendako ere pozgarria da ikustea harategiak segida izango duela. "Guretzat ilusioa ere bai. Norbaitek hartzea nahi badu... Guk hemen 43 urte egin ditugu. Gainera, hauek gazteak dira, jende ezaguna ere asko dute eta euren lagunak eta tartekoak etortzen badira..." Mari Carmen Amorosek dioen moduan, "negozioak zabalik mantentzeko egin behar dena herrian kontsumitzea da".
Okelia, Tajadia, Kiru eta Txanbu…
Segituan gaineratu du Ainhoa Zubizarretak: "Maite duguna baino gehiago maite behar dugu herria. Herria maitatzea da herrian erosketak egitea, herria zaintzea eta herritarrak zaintzea". Jon Elizburuk ere gehitu du alea: "Merezi du norbait animatzea arrandegia hartzera ere". "Zerbait Plazentziakoa"Agurtu aurretik, harategiarendako izenari buruz ere jardun dute: "Ideiak dira Okelia, Tajadia... zerbait Plazentziakoa. Guk xerra eta halakorik ez dugu erabiltzen. Dena den, igual bukatuko dugu jartzen Ainhoa eta Jon, edo Kiru eta Txanbu, batek daki".