Karakate kezka-iturri nagusi

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 24a, 09:03

Soraluzetarrek ia 500 ekarpen egin zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz kapsularen bitartez, Gipuzkoan ekarpen gehien egin duen udalerria izan da. Ekarpen horien artean, gehienak izan ziren Karakaten zentral eolikorik ez eraikitzeko zein Karakate babesteko eskaerak. Halaxe dago jasota Etorkizuna Eraikiz ekimenarekin lotuta Soraluzeko Udalari entregatutako txostenean.

Diputazioak 491 ekarpen jaso zituen soraluzetarrengandik Plaza Berrian ipini zuten Etorkizuna Eraikiz kapsularen bitartez, Gipuzkoatik ekarpen gehien egin dituen udalerria da. 

Diputaziotik bi arrazoi ikusten dituzte horretarako. Batetik, herriko ikastetxeak ere gonbidatu zituztela parte hartzera eta Institutukoek horrela egin zuten eta bestetik, Karakate babes dezaten eskatzera joateko deia egin zitzaiela herritarrei.

Karakate babesteko

Kontuak kontu, herritarren partaidetza bultzatzeko ekimen horren deskargua egiterakoan, argi geratu da Karakate dela soraluzetarrendako kezka-iturri nagusi. Izan ere, egindako ekarpenen artetik gehienak, %27,5 (136) ingurumenarekin lotutakoak izan ziren eta horien artean nagusiki (90 ekarpen) Karakaten eolikorik ez ipintzeko zein Karakate babesteko eskaerak izan ziren. 

Dendak eta garbiketa

Azpiegiturak izan ziren, berriz, bigarren eskatuenak soraluzetarren aldetik, %21,6 (110 ekarpen). Kasu honetan, ekarpen horietatik 37 denda gehiago ipintzeko eskaerak izan ziren, supermerkatuak, jantzi-dendak zein bestelakoak. Azpiegiturekin lotutako beste 21 ekarpen, berriz, garbiketarekin lotutakoak izan ziren, adibidez, zakarrontzi gehiago edo komun publikoak ipintzeko eskaerak.

Garraio publikoa

Hirugarren lekuan, berriz, mugikortasunarekin lotutako ekarpenak izan ziren: %16,9. Kasu honetan ere, argi eta garbi eskatu dute soraluzetarrek garraio publikoa hobetzea, haren maiztasuna handitzea zein inguruko herriekin hobeto komunikatzea. Eta besteak beste, Maltzagaranzko bidegorria ere eskatu zuten soraluzetar batek baino gehiagok. 

Horien ondotik geratu dira kirolarekin, umeekin, segurtasunarekin, gazteekin, ekonomiarekin, euskararekin, gizarte zerbitzuekin, osasunarekin zein zahartzaroarekin lotutako ekarpenak.

Horien artetik batzuk aipatzearren, beste futbol zelai txikiago bat, umeendako parkeak, lapurretei aurre egiteko segurtasun handiagoa, gazteentzako leku gehiago, lana zein inbertsioak, euskara gehiago, osasun zerbitzuak hobetze edo gehitzea zein adinduei zuzendutako azpiegituren hobekuntza eskatu zituzten herritarrek.

Aurrekontu Irekietan

Ekarpen horiekin guztiekin zer gertatuko den galdetuta -Markel Olanok ez zuen halakorik esplikatu-, berriz, Gipuzkoako Foru Aldunditik diotenez, Diputazioaren eskumenekoak diren gaiak Aurrekontu Irekien dinamikan inkorporatuko dituzte. 

Aurrekontu irekietarako egindako proposamenak gehi kapsularen bitartez jasotakoak elkartu egingo dituzte eta herritarren artean bozketa egingo da. Emandako xehetasunen arabera, Aurrekontu Irekien bitartez, herritarrek erabakiko dute milioi bat euro zertara bideratu.

Gaineratutakoaren arabera, irailean zabaldu dute jendeak bozkatzeko kanpaina; guztira, 12 proiektu izango dira bozketa-gai. Horrez gainera, Diputazioko departamentuen arteko batzorde bat ere bada. Bertan, banan-banan aztertuko dira proposamenak, ikusiko dituzte zeintzuk diren egingarriak eta egingarri direnak egin egingo dira. 

Bestalde, Gipuzkoako Diputazioaren eskumenetik kanpo dauden proiektuen gaineko informazioa, berriz, Udalari entregatuko zaio.

"Aspaldi jakinarazita"

Etorkizuna Eraikiz kapsulan jasotakotik, soraluzetarrendako kezka-iturri nagusi den Karakateri buruz Udalean galdetuta, berriz, Iker Aldazabal alkateak adierazi du herriko erakundetik “aspaldi” dutela jakinarazita ez daudela han eraiki nahi duten eolikoen gaineko proiektuarekin konforme. “Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien posizionamendua da kontra gaudela”.

Ez erantzutea

Oposizioko bozeramale Unai Larreategi, berriz, eskaera edo ekarpen horiei erantzun ez izanak arduratu du: “Harrituta zeudela esan zigun Markel Olanok soraluzetarrengandik jasotako ekarpen kopuruarekin. Herritarren erantzun kopuruarekin poztu baina gero kasorik ez egitearekin zer lortzen du Diputazioak? 500 ekarpen jaso izana txalogarritzat jo arren horiei erantzun ordez nahiago izan dute marketing politikorako erabiltzea Soraluzeko bisita. Eta Soraluzetarrok ez dugu behar ez marketing ez postureorik, Soraluzek herria biziberritzeko estrategia argi eta lidergo sendoa behar du.”