Marrasen batzar nagusian egindako balorazio positiboari dagokionez, nabarmendu dute, besteak beste, “jokalariak oso pozik” dabiltzala hockeyan, jokalari kopurua urtetik urtera mantendu egin dela eta horren baitan, emakumeen parte-hartzeari hasieratik emandako garrantziari eutsi egiten diotela.
Zailtasunen artean, berriz, bakarra nabarmendu dute: entrenamenduak. “Herrian hockeyan aritzeko aukera bakarra kiroldegiko frontoia da eta ordutegiak estu xamarrak dira nahi beste entrenamendu egin ahal izateko”, esplikatu dute.
Maila gehiago
Bestalde, datorren denboraldiari dagozkion erronken artean, helburuetako bat hiru maila izatetik bost maila izatera pasatzea izango dela adierazi dute eta horrek diru kontuetan eragina izango duela. “Marrasek izango duen aurrekontua ere asko handituko da eta bideragarri izateko lanketa egingo du taldeak: udalarekin elkarlana, auto-finantzazioari lotutako ekimen gehiago…”. Halaber, gogora ekarri dute ekainaren 24ra arte dagoela zabalik datorren denboraldirako izena emateko epea.
Euskal Selekziora
Horrekin batera, Marraseko jokalari Ane Bastardo nabarmendu zuten; izan ere, Euskal Selekzioarekin arituko da autonomien arteko Espainiako txapelketan. Hain justu, ekaina bukaeran hasiko da entrenatzen euskal selekziorako deitu dituzten jokalariekin eta ondoren, Galizara joango da, bertan jokatuko baitute Espainiako txapelketa ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean.
Ospakizuna, amaitzeko
Behin batzarra bukatuta, joan den barikuan, ikasturte amaierako jaia egin zuten Marras Irristaketa Taldekoek; Zubi Nagusian elkartu zen Soraluzeko hockey familia, 80 lagunetik gora. Kalejiran joan ziren frontoira eta han jokalari guztiak omendu zituzten, bakoitzari domina bana emanez. Horrez gainera, gurasoek eta familiek sorpresatxoa prestatu zieten entrenatzaile Iraitzi eta Juliani, “klubaren sorreratik gaur arte modu boluntarioan egindako lan ederraren eskerron modura”.