Elosua-Plazentzia liburua aurkeztu dute Karakaten

Egoitz Unamuno 2022ko eka. 19a, 16:48

Gaur eguerdian, Elosua-Plazentzia izeneko liburua aurkeztu dute Karakaten, zeinak jasotzen dituen estazio megalitiko horretan orain arte aurkitu diren historiaurreko aztarna guztiak. Aurkezpenean izan dira Soraluzeko, Elgoibarko eta Bergarako alkateak, Aldundiko kultura diputatua, Aranzadiko ordezkaria eta indusketetan jardun duten hainbat boluntario, ekitaldira hurreratu diren dozenaka herritarrekin batera.

Elosua-Plazentzia liburua argitalpen mardula da, 160 orrialdekoa eta argazki eta ilustrazio ederrez dator hornitua. Hasierako ataletan, Muskiritzu mendilerroaren ezaugarri geologiko eta kulturalen berri ematen du, eta, ondoren, XX. eta XXI. mendeetan inguru horretan egin diren azterketen eta aurkitu diren monumentu eta pieza nagusien inbentario zehatza aurkezten, azken urteotan ezagutu diren datu berrien eta egin diren zaharberritze-lanen gaineko informazioarekin batera.

Hain justu, aurten bete dira ehun urte Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek Muskiritzuko mendilerroan aurkitutako lehen aztarna megalitikoen gaineko liburuxka argitaratu zutenetik eta Aranzadik data seinalatu hori baliatu nahi izan du Elosua-Plazentzia liburua argitaratzeko.

Jesus Tapia: “Harrituta eta oso pozik nago jasotzen ari garen emaitzekin”

Jesus Tapia Aranzadiko kideak gogorarazi duenez “Aranzadi, Barandiaran eta Eguren 1921ean etorri ziren mendilerro honetara bertako monumentuak aztertzera, egiaztatzera eta industera” eta aintzindari haien jarduna goretsi du: “Garai hartan ezer gutxi genekien fenomeno honen inguruan. Esplorazio batzuk eginak zeuden Aralar eta Aizkorri inguruetan eta hau izan zen Euskal Herrian ezagutu den ejenplurik zaharrenetako bat. Orduan esaten zuten oso interesgarria zela, ez bakarrik elementuen kopuruagaitik baizik eta sakabanatuta eta multzoka antolatuta dauen moduarengatik ere bai. Tamalez, kexatzen ziren gehienak suntsituta edo erdi suntsituta zeudelako. Orduan egin zituzten lanak oso zorrotzak izan ziren garai hartarako”. Azken urteotako lanari begiratuz, gustura agertu da lortutako emaitzekin: “Orain, ia ehun urte geroago, berriz hasi ginenean industen, ematen zuen gauza gutxi aurkituko genituela baina harrituta eta oso pozik nago jasotzen ari garen emaitzekin. Oraindik badago partidua. Ari gara beste teknologia eta ikuspegi batzuekin informazioa biltzen eta ondorengoek ere gure lana errebisatu eta osatuko dute”.

Amaitzeko, Tapiak eskerrak eman dizkie Udalei, Aldundiari eta Debegesari proiektuari eman dioten laguntzarengatik eta “ikusten delako erakundeen aldetik zelako gogoa dagoen ikerketan sakontzeko, leku hau babesteko eta zaintzeko bertako ondarea”. Horrekin batera, indusketetan laguntzaile lanetan jardun duten boluntarioen lana ere eskertu du.  

Liburua salgai

Amaieran jakinarazi dutenez, liburua salgai ipiniko dute Dolmenen Ibilbidea proiektua bultzatzen diharduten hiru udalerrietan: Soraluzen eta Elgoibarren udaletxeetako harreran eta Bergaran Laboratoriumean. Liburua 5 eurotan salduko dute.