Mosquirichu 'Mons quiritum' izenaren usteldura dela dioen tradizioan oinarritzen bagara, gerta liteke erromatarrak Debatik etorri izana, aipatutako mendira igo eta mendiari izen hori eman izana (Juan Antonio Mogel, "Leloren kantua"ri buruzko eskuizkribu batean)
Muskiritzu mendilerroa Gipuzkoako mendebaldean dago, Deba ibaiaren erdi ibilguko eskubiko aldean. Mendebaldeko magalean, ibaiak higatu ezin izan dituen basaltoen artean, Soraluze herria dago; ekialdekoan, Elgoibar eta, hegoaldera Bergara.
Inguruak jatorri bolkanikoa du; itsas hondoan izandako erupzioek goratutako lurrek osatutako eremua da. Urarekin kontaktuan azkar hozterakoan osatutako kuxin labak eta mendigaineko harrizko tximinia erraldoiak dira horren aztarna ikusgarriak.
Mendilerroaren jatorri bolkanikodun litologia horrek aldapa malkartsuak irudikatu ditu, amildegi eta errekak zeharkatutako eta higatzeko gaitzak direnak; eta, historiaurreko trikuharrietatik hasi eta mendeetan zehar, ofita harria izan da eraikuntza eta arte adierazpenetarako inguruko gizakiek erabilitako material nagusia.
Izen ugari erabili izan dira mendia izendatzeko: Muskiritzu, Mazelaegi, Kortazar, Elosua-Plazenzia mendilerroa, Karakate, Mendigain... Inguruko baserriek mailegatutako izenak baztertuta, Dolmenen Ibilbidearen ikerketak Muskiritzu izen zaharra berreskuratzeko bidea eman digu. Ele zaharren arabera, izena latinezko “Mons quiritum”-etik dator; halaxe jasotzen zuen, behintzat, Juan Antonio Mogelek orain dela 250 bat urte, Leloren kantua-ri buruzko eskuizkribu batean.
Kondairak, baina, beste askotan bezalaxe, gertaera historiko batean dauka jatorria; izan ere, Aranzadiko arkeologoek egiaztatu ahal izan dutenaren arabera, orain dela 2000 urte inguru, erromatarrek gerra kanpalekua jaso zuten bertan, karistio eta barduliarren arteko mugako leku estrategikoan.
Muga ez ezik, Muskiritzu haranen arteko pasabidea eta barneko lurretatik itsasorako irteera naturala izan da. Bertatik pasatzen zen, esate baterako, Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen zituen bide nagusia. Bide horrek, mendebaldetik (Iruretik) Soraluzen sartuta, Deba ibaia zeharkatzen zuen eta, aldapan gora, gaina irabazi arte jarraitzen zuen; handik Urola aldera jaisteko gero. Jende ugarik zeharkatu zituen lur horiek, harantz eta honantz, XVIII. mende bukaeran, Maltzagako bide berria zabaldu zen arte.
Arabako lurretatik itsasorako irteera eskaintzeak, bestalde, Muskiritzu inguruko lurren kontrola lortzeko liskarrak eragin zituen; eta bertan ezarri zuten Gaztelako eta Nafarroako erreinuen arteko marca edo muga, biak ala biak kokapen estrategikoaren jabe izateko lehian murgilduta: Marquina del Bajo Deba (Markina de Yuso. geroko Soraluze eta Elgoibar; eta Markina de Suso, geroko Eibar)
Gaztelako erresuma garaile, hiribilduak sortu zituen bidearen alboan, Bergara (1268), Soraluze (1343) eta Elgoibar (1346), Muskiritzuren inguruan hirurak. Bertan batutako emakume eta gizonek gabeziak indargune bihurtzeko gaitasuna izan zuten: inguruko ur lasterren indarra eta kokapen estrategikoa aprobetxatuta, burdinolak eta forjak jarri zituzten martxan, armagintza industria garrantzitsua garatu arte.
Baina Muskiritzuk ez du inoiz galdu inguruko gizataldeak erakartzeko ahalmena. Soraluze, Elgoibar, Bergara eta Azkoitiako baserritarren topaleku izaten jarraitzen du: garoa batzeko gune, egurra garraiatzeko… Oraindik ere ohikoa da herri horietako ardiak edo behiak ikustea bertan.
Indar espiritual handiko eremua ere bada. Mendeetan zehar sortutako kondaira eta ohiturak mendikatea inguratzen duten herrien kultura-sorkuntzaren zati garrantzitsua izan dira, jentilen garaiko kondairak, altxor ezkutuak edota sinesmen paganoak gurtzeari izaera erlijiosoa emateko adierazpenak.
Urtero urtero, maiatzeko Gurutze Santuko egunean, Irukurutzetako erromeria ospatzen da. Oso sonatua izaten zen sasoi batean, Soraluze, Elgoibar, Bergara eta Azkoitiako lagun asko eta asko bildu ohi zirela bertan. Gaur egun, modu apalagoan bada ere, ospatzen da Irukurutzeta Eguna.
Gaur egun, inguruotako aisialdirako naturgune estimatuenetakoa da. Soraluze, Elgoibar eta Bergarako herritarrez gain, Euskal Herri osoko beste hainbat herritatik inguratzen dira mendizaleak bertara. Izan ere, mendigaineko bidexka ezin erosoagoa da oinezkoendako, tartean dauden mendixkak igo edo inguratzeko aukera ematen duena, eta, batez ere, mendia eta itsasoa talaia beretik begiratzeko aukera ematen du: iparralderantz kostaldeko mendixkak eta Kantauri itsasoa ikus daitezke; eta, beste edozein norabidetan, berriz, mendi pila ederra, tartean Aizkorriko mendilerroa, Udalaitz, Anboto, Oiz moduko tontorrak gailentzen direlarik.
Eta naturan aisia-egun ederra igaro ondoren, inguruko herriak ezagutzea gustatzen zaion bisitariak, artean ere, aukera ezin hobea dauka kaleetan barrena galdu eta bertako historiaren lekuko diren altxor txikiak bilatzeko, dorretxeak, jauregiak, armarriak, elizak, elizatariak, museoak, bidegorriak…; indarrak berreskuratzeko, jan eta edateko dauden toki bikainak ahaztu gabe.
Gehiago jakiteko, sakatu hemen.