Diputazioak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, gaur Markel Olano Soraluzeko alkate Iker Aldazabalekin batzartzearen helburua izan da “herriaren etorkizunari lotutako egitasmo nagusiak partekatzea” eta gaineratu dutenez, “Etorkizuna Eraikiz kapsularen bitartez jasotako ekarpenak ere aztertu dituzte”.
Herriko egitasmo nagusiei dagokienez, SAPAko lehen pabiloia birgaitzearen gaineko proiektua nabarmendu dute, bai Olanok eta baita Aldazabalek ere. Olanok adierazi duenez, udalerriarentzako “ezinbesteko” ekimena da eta une honetan erabiltzen ez den eremu degradatu bat “herritarren mesedetan berreskuratzea” ekarriko luke berekin. Aldazabalek, berriz, gogora ekarri du Diputazioaren laguntzarekin erabilera anitzeko gune estali bat lortuko dutela soraluzetarrek.
Etorkizuna Eraikiz kapsulan jasotako ekarpenei buruz, berriz, jakinarazi dute “Soraluzeko biztanleek etorkizunari begira dituzten proposamen nagusiak ingurumenari eta udalerrirako beharrezkoak diren azpiegiturei buruzkoak” direla eta “baita mugikortasunari buruzkoak ere”, baia ez dute gai horri buruz xehetasun gehiago helarazi.