Bihar, diputatu nagusia Soraluzen izango da

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 16a, 10:26

Herritarrak ekarpenak egiten, Diputazioak ekarritako kapsulan, otsailean.

Bihar, barikua, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia Soraluzen izango da, herriz herriko etorkizuneko egitasmoak ezagutzeko bileren testuinguruan. Iker Aldazabal alkatearekin elkartuko da. Etorkizuna Eraikiz kapsularen bitartez herritarrengandik jasotako ekarpenak partekatuko dituzte bileran. Olanorekin batera, Jabier Larrañaga Ekonomia diputatua ere bertaratuko da. 11:30ean da hitzordua. Kapsula hartan 463 soraluzetarren ekarpenak jaso zituzten. Lau errepikatu ziren: Karakaten eolikorik ez ipintzeko eskaera; autobus zerbitzua hobetzekoa eta segurtasun eta garbitasun handiagoak izatekoak.

Otsailaren amaieran izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren kapsula Soraluzen. Haren helburua zen soraluzetarrek herriaren eta lurraldearen etorkizunari buruz dituzten ekarpenak batzea. 

Eta batu ere batu zituzten ekarpen mordoxka bat. Partaidetza ikusgarria izan zela jakinarazi zuten bertan lanean izan ziren bi teknikariek. “Marka, errekorra” lortu zela ere esan zuten, 463 soraluzetarrek eraman baitzituzten ekarpenak.

Eolikorik ez, autobus zerbitzua, garbitasuna eta segurtasuna

Herritarrek egindako ekarpenen artean, berriz, lau errepikatu ziren gehien:

 • Karakaten eolikorik ez ipintzeko eskaera.
 • Autobus zerbitzu publiko hobea ipintzeko eskaera.
 • Segurtasun handiagoa ziurtatzeko eskaera.
 • Garbitasun handiagoa egon dadin eskaera.