Gaur, 11:00etan ailegatuko da Bizikleta Martxa Eibarrera

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 14a, 09:32

Gaur, martitzena, Debabarrena zeharkatuko du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako bizikleta martxak. Azkarate Gainetik sartuko da Elgoibarrera 10:30ak inguruan eta 11:00etan ailegatuko da Eibarrera; gero, Elgoibarrera bueltatuko dira, han bazkaldu eta Debara eta Mutrikura segitzeko. Atzo Plaza Berrian egindako elkarretaratzean, martxari ongi-etorria egitera joateko gonbidapena egin zuten.

Atzo hasi zen bizikleta martxak hiru lelo nagusi ditu: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzea, zerbitzu publikoen defentsa eta zainketa partekatuen lana nabarmentzea. Datozen 12 egunotan, Euskal Herri guztia zeharkatuko du eta martxa horrek eta Donostian bukatuko da, ekainaren 25ean, 12:00etan.

"Justifikaziorik ez"

Bestalde, atzoko elkarretaratzean, bizikleta martxari buruz berba egiteaz gainera, berbagai izan zuten, baita ere, joan den ekainaren 9an Espainiako Kongresuan onartutako Enplegu Pentsioen Planak Sustatzeko Lege Proiektua. Jakinarazi zuten onartu egin zutela lege-proiektua, PSOEren, Unidas Podemosen, Ciudadanosen eta EAJren aldeko botoekin, PPren, Voxen, ERCen, BNGren, Compromisen, Mas Paisen eta CUPen kontrakoekin eta EHBilduren eta Coalicion Canariaren abstentzioekin. 

Horren aurrean, azpimarratu zuten ez dutela “justifikazio nahikorik aurkitu, ezta abstenitzeko ere (…) eta are gutxiago aldeko botoa emateko. Estatuko gobernuari lege-proiektu honengatik egiten diogun kritikak balio du Kongresuan aurka bozkatu ez dutenentzat ere”, esan zuten.

Horrekin batera, berretsi zuten borrokan segituko dutela Pentsioen Sistema Publikoaren pribatizazioaren aurka eta pentsio publiko duinak, bidezkoak eta bizitzeko bestekoak bermatzeko, azken lau urte pasatxoan egin duten moduan.  Atzo, 45 bat lagunek babestu zuten protesta.