Soraluzeko pilotariak txapeldun!

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 13a, 10:19

Zapatuan, Amañako IV. Esku Pilota Txapelketako txapeldun izendatu ziren Soraluzeko Pilota Elkarteko Laida Sanchez eta Ainhitze Ariztimuño. Maiatzean eta ekainean jokatu dute txapelketa ehun pilotari gaztek baino gehiagok. Datorren domekan, berriz, Soraluzeko taldeko kadeteek eta nagusiek Debarroko txapelketako finalak jokatuko dituzte, Aretxabaletan. 

Guztira, 114 pilotari gazte lehiatu dira Eibarko Amaña auzoko Amaña es la Caña IV. Esku Pilota Txapelketan, maiatzean eta ekainean. Horietako zazpi bikote Soraluzeko Pilota Elkartekoak izan dira. 

Zazpi bikote horien artean, berriz, Laida Sanchez eta Oihane Rodriguez bikoteak amaierako faseetaraino ailegatzea lortu zuten. Gerora, Rodriguezek laga egin behar izan zuen lehia eta haren lekua bete zuen Soraluzeko taldearekin entrenatzen den Ainhitze Ariztimuño elgoibartarrak. 

Pasa berri den zapatuan, ekainaren 11n jokatu zuten Amañako pilota txapelketako finala eta Soraluzeko bikote Sanchez-Ariztimuñok 22-9 irabazi zioten Zumarragako bikoteari, txapela etxera ekarriz.