“Tratatu dezatela jendea ondo!”

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 9a, 17:47

Atzo, eguaztena, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi zuen Osakidetza berrantolatu egin behar duela Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, Sagarduik iragarri zuen berrantolaketak eragina izango duela lehen arreta zerbitzuan, bestela esanda, anbulatorioetan. Sailburuaren esanetan, herritarrek ohiturak aldatu beharko dituzte eta lehen arreta hori eskuratzeko norbere herritik kanpora joatera ohitu; esan zuen, baita ere, litekeena dela oporraldietan anbulatorio batzuk itxita egotea. Gaiari buruz anbulatorioan galdetuta, berriz, salatu dute, oro har, osasun arloko profesionalak ez dituztela behar den moduan tratatu. 

“Badirudi guztiaren errua medikuok dugula. Pentsa, 3.000 euro gordin ordaintzen dute (politikari gehienek eta beste profesional askok irabazten dutena moduan edo gutxiago) eta ez dugu izenik ematen. Zelakoak garen... Baina ez dute bestelako baldintza guztien berri ematen. Adibidez, 10 urteko ikasketak egin behar ditugula edo zelako lan-baldintzak ari garen pairatzen azken urteotan. Gainera, egoera hau askotan salatu dugu eta ez dute ezer egin konpontzeko”.

Horixe izan da elkarrizketaren hasiera gaiari buruz Soraluzeko anbulatorioan galdetzerakoan.

Egunerokoa

Xehetasunetara joz, gaur egun bizi dituzten baldintzak salatu dituzte: “Soraluzen egunero 35-45 paziente inguru artatu behar izaten ditu mediku bakoitzak; horrez aparte egin behar ditugu etxez etxeko zerbitzuak, kalean gerta daitekeen edozein larrialdi artatu behar dugu eta medikuren bat falta bada, haren hemengo eta egoitzako kupoak bete behar ditugu”. 

Anbulatoriotik gaineratu dute urteak daramatzatela ordezkorik gabe eta horren ondorioz, oporrak zatika eta txandaka hartzen ari direla. Gaineratu dute, horren ondorioz, lanean ari direnean lan-karga handia izaten dutela. “Adibidez, orain dela gutxi batek astebete hartu zuen gero abuztuan edo uztailean hartu beharrean. Bada, anbulatorioko beste bi medikuek artatu behar izan dituzte norberaren gehi oporretan zegoen medikuaren pazienteak. Datorren astean, berriz, beste mediku bat doa eta bi astetan ez da etorriko beste inor haren partez…”. 

Gainera, diotenez, Soraluzekoa ez da egoerarik txarrena. “Azpeitian, adibidez, hiru mediku gutxiago dituzte azken urteotan eta ez dute berririk ipini. Lan larregikoaren ondorioz, laugarren mediku batek baja hartu du eta gainerako medikuak ari dira betetzen falta diren lau mediku horien pazienteen kupoak”. 

Mediku falta zergatik?

Bestalde, Sagardui Sailburuak aditzera eman du Osakidetza berrantolatu beharra dagoen mediku faltak eragin duela, lehen arretako mediku izateko “baldintzak kartara” eskaini arren, ez dutela mediku nahikorik izena eman dauden postuak betetzeko. 

Bada, mediku falta horrengatik galdetuta, hori horrela izateko lau arrazoi daudela esplikatu dute anbulatoriotik:

“Lehenengo eta behin, medikuntzan sartzeko nota izugarrizko altua da. Horren ondorioz, mediku izateko bokaziodun asko sartu ezinda geratzen dira eta horietako asko pozik egongo lirateke lehen arretan lan egiteko.

Bigarren, notarik altuenak eskuratzen dituzten medikuan kirurgia plastikora, dermatologiara… jotzen dute. Izan ere, espezialitate horietan ez dago guardiarik egin beharrik, soldata handiak dituzte eta gainera, pribatura joateko dituzten aukerak handiagoak dira. Eta orokorrean, jendeak nahiago ditu espezialitateak ikasi, ze espezialistek bakarrik artatzen dituzte dagozkien pazienteak, eta, gehiago baldin badituzte artatzeko, arratsaldeko jardunak ipintzen dizkiete, izugarrizko soldatak ordainduta. 

Hirugarrenik, MIRa bukatu ospitaletan formazioa egin behar izaten da. Baina, ospitaleetako profesional asko ez dago prest mediku berriak formatzeko. Formazio hori ematea sistematikoa eta derrigorrezkoa izan beharko litzateke. 

Azkenik, profesional berriei tratu txarra ematen zaie. 10 urteko karrera egin ondoren, hemen bi orduko kontratua han beste bi ordukoa egin… eta horrela ibili dira hasiberri asko. Gainera, errealitatea da herri baten bi ordu lan egitea tokatu arren, txandan dituzun paziente guztiak artatu arte ezin zarela beste herri batera joan eta horren ondorioz, jatorriz bi orduko kontratua zena, errealitatean bihurtu da lau orduko lana eta gainera, bi ordu ordaindu barik. 

Azkenean zer gertatu da? Ba hemendik kanpo deseatzen daudela Espainiako medikuak hartzeko eta kanpoan eskaintzen ari diren baldintzak hemengoak baino mila bider hobeak direla eta orduan, hemen ari gara medikuak formatzen gero hemendik kanpo lan egin dezaten. Beraz, tratatu dezatela jendea ondo!”.