19:30ean hasi zen partida, Leire Elizburu soraluzetarra epaile zela. Lehen sakea aretxabaletarren esku geratu zen eta haren bidez etorri ziren bisitarien lehen tantoak. Baina segituan parekatu zuten norgehiagoka soraluzetarrek eta 5. tantotik aurrera, partida osoan izan ziren aretxabaletarren aurretik, hainbat tanto sake bidez eginez.
Partida motza izan arren, bizi-bizia izan zen, tanto bizkorrekin. Atzean baino, gehiago jokatu zuten lau t’erdiaren barruan, bolea eta dejada ugari eginez. Azkenean, 22-11 bukatu zen partida, 20:01ean.
Horrenbestez, Soraluzeko bikotea Debarroko txapelketako finalera sailkatu da. Ekainaren amaiera aldera jokatuko da finala, Aretxabaletan.