Gaurko elkarretaratzean azaldu dutenez, “positibotzat” jotzen dute lege proiektuari egindako “ekarpenen zati batek Gizarte Segurantzan kotizaziorik ez egitea ahalbidetzen zuen xedapena kendu izana, edo gehieneko kotizazio-mugak kentzea erabaki izana”, baina aldi berean, gaineratu dute "ekarpenen zerga-murrizketek bere horretan" dirautela eta "diru publikoarekin" ordaintzen jarraituko dela, “baina orain Estatuko Aurrekontu Orokorretatik, eta ez Gizarte Segurantzatik”.
Irismen mugatua
Bestalde, “positibotzat” jotzen dute, baita ere, kotizaziopekoak ez diren pentsioen %15eko igoera baina azpimarratu dute “haren irismen mugatua” dela “eta argitaratu denaren kontra”, ez diela eragiten “alarguntasun- eta zurztasun-pentsio kontributiboei. Gainera, aparteko igoera da, abendura arte bakarrik”, gaineratu dute.
Horregatik guztiagatik Estatuko gobernuari eskatu diote bertan behera laga dezala lege proiektua egueneko bozketaren aurretik eta oro har, eskatu diete alderdi guztiei “eta bereziki, orain arte EPPLP erretiratzeko gure eskaria babestu duten alderdiei, lege-proiektu horren aurka bozka dezaten”.
Gaurko elkarretaratzea amaitu aurretik, berriz, jakinarazi dute bi soraluzetar ere izango direla Madrilen ekainaren 12an; eta hurrengo egunean, ekainaren 13an hasiko dela bizikleta martxa, ekainaren 25era bitartean egingo dutena.