Alderdi Sozialistaren ustez Pascual Churrucan egingo diren etxebizitzak “mugarri" izango dira Soraluzerentzat

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 4a, 11:01

Patricia Borinaga zinegotzia.

Eusko Jaurlaritzak Pascual Churrucaren orubean eraikiko dituen 29 etxebizitzen balioa azpimarratu du Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak. Nabarmendu du 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo dutela bertan, adieraziz “sustapen hori mugarria" Izango dela Soraluzerentzat, "2006tik eraikitzen diren babes ofizialeko lehen etxebizitzak direlako”. 

Patricia Borinaga bozeramale sozialistak azpimarratu duenez, “gure udalerrian inoiz ez dira horrenbeste baliabide erabili alokairurako babestutako etxebizitzak bultzatzeko”.

%40 gazteentzat

Prentsa ohar bitartez, Borinagak gogora ekarri du Iñaki Arriola sozialistak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sustatuko dituela Pascual Churrucaren orubean eraikiko diren 29 etxebizitzak, guztiak ere alokairu sozialerakoak eta horietatik % 40 gazteentzat. Borinagaren ustez, hori “oso garrantzitsua da, jende gaztea duen udalerri bat udalerri bizia eta dinamikoagoa baita”.

"Udalerrian alokairu eskuragarriko etxebizitza gutxi"

Era berean, Borinagak uste du “udalerrian alokairu eskuragarriko etxebizitza gutxi” eta oro har, “etxebizitza gutxi” daudenez, “gazte askok” erabaki dutela “beren bizi-proiektuak beste udalerri batzuetan hastea” eta horregatik balioan jarri du Arriolak zuzentzen duen sailak Soraluzen egingo duen inbertsioa eta eskerrona helarazi dio hari “Soraluzerekin duen konpromisoagatik”. 

Gogora ekarri du Etxebizitza Sailak 2021eko maiatzean sinatu zuela Soraluzeko Udalarekin babes ofizialeko etxebizitza horien eraikuntza sustatzeko hitzarmena. Etxebizitza horietatik lau Udalaren esku geratuko dira Olaldea aldeko jabeak bertan hartzeko, beharrezkoa denean, eta 200 m2-ko beste lokal bat beheko solairuan, udal-erabileretarako.