Josu Elesgarai Beitia: "Berriro jaioz gero, pilotari (zestalari) izango nintzateke"

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 3a, 09:01

Josu Elesgarai Beitia (Mutriku, 1970) Soraluzeko udaltzain da 2019tik. Baina lehenago oso bestelako lanbidea izan zuen: zestalari. Aitaita Jose Migel Beitiaren eskutik hasi zen zesta-puntan. 80ko hamarkadan Mutrikuko Danok Bat eskolan ibili zen. 1992an, berriz, Ameriketarako fitxatu zuten eta 10 urtez izan zen han profesional. Etxera bueltatzean, afizionatu mailan segitu zuen, 2008tik 2014ra.

Ameriketan non ibili zinen?

Bridgporten eta Milforden (Connecticut). Hasieran bietan berdin ibiltzen ginen, baina denborarekin Bridgporteko frontoia itxi egin zuten. Gero Milfordekoa itxi zutenean (2001), azken urtea Newporten egin nuen. 2003an bueltatu ginen. 

Zelan fitxatu zintuzten?

Momentu hartan (1992) Andoni Oianguren eta biok ginen afizionatu mailan puntan genbiltzanak. Bridgporteko intendentea (player managerra) etorri zen eta probak egin ondoren, hark kontratatu ninduen.

Han zelan?

Hasierako urteak oso gaitzak izan ziren. Ez genekien hizkuntza eta edozer egiteko itzultzailea behar genuen. Ohitu egiten zara horretara eta ez duzu hango jendearekin harreman handiegirik, gainera beti genbiltzan jokatzen, ensaiatzen… Bederatzi funtzio genituen astean. Baina familia izan genuenean, etxea erosi eta orduantxe hasi ginen bertakoekin harremanetan eta kalean ikasi genuen hizkuntza.

Zer dira funtzioak?

"Hango partidak 7 tantotara ziren. Intentsuak, baina fisikoki ondo eusten zaio, hemen 35 tantotara jokatzen ohituta gaude-eta"

Astelehen goizetan 5 bat partida jokatzen genituen eta arratsaldeetan beste horrenbeste. Halako bakoitza funtzio bat da. 7 tantotara dira partidak. Intentsuak, baina fisikoki ondo eusten zaio, hemen 35 tantotara jokatzen ohituta gaude-eta. Han, berriz, burua izan behar da hotza, tanto bat galduz gero, bankillora joan eta txanda iritsi arte zain egon beharra dago eta hori ez da ona: hoztu egiten zara, lesioendako kaltegarria da… Konpetentzian oinarritzen da hango lehia, zenbat eta gehiago irabazi, soldata handiagoa. Hori bai, ikusteko polita da. 

Izar handiak izan zineten, ezta?

"Ameriketan pilotaria izar modura zegoen ikusita, baina gure kirola zen gutxien ordaindutakoa"

Bai, pilotaria izar modura zegoen ikusita, baina gure kirola zen gutxien ordaindutakoa. Han beisbola, futbol amerikarra eta saskibaloia dira erregeak. Milioiak irabazten dituzte. Guk ez; hala ere, Euskal Herrian ezin ziren gure hango soldatak ordaindu. 

Bueltatu zarete?

Alabak bai, txikiena batez ere, amonarekin. Gu, berriz, lehen urtean bakarrik bueltatu ginen.

Senideak ere badituzu zesta-puntan.

Anaia Asier eta osaba Patxi Beitia. Anaiak 27 urte egin ditu profesional moduan, iaz laga zuen, Ameriketako azken frontoia (Dania) itxi baino zertxobait lehenago. Tijuanan egon zen hasieran. Egia esan, biok geneukan Tijuanarako kontratua, baina apustuak tarteko, bi anaia elkarren kontra ibiltzea ez zen begi onez ikusten eta anaia animatu nuen hara joateko. Gainera, Bridgeporteko nire kontratua irten zen segituan. Azkenean, urte berean joan ginen anaia biak, bera martxoan, ni abenduan. Pentsa, ama. Baina gure ilusioa zen eta asko lagundu ziguten gurasoek. Hasieran kolpe fuertea izango zen, baina gure ametsa lortu genuen, beraz… Gainera, gero, sarri etortzen ziren gu bisitatzera hara.

Ametsa lortu zenuten; zer behar da horretarako?

"Kirolari ona izateko jokatu eta jokatu egin behar da, benetan hor ikasten da"

Jokatu eta jokatu. Benetan hor ikasten da. Kontrarioak desberdinak dira. Bakoitzarekin zelan jokatu, harekin zer ez egin… Hori jokatzen ikasten da.

Guztiz lagata duzu?

2014tik. 2008ko krisiarekin langabezian geratu eta burua argitzeko berriro hartu nuen zesta eta neure kontu hasi nintzen, afizionatu mailan, 2014ra arte. Urte hartan lesioa izan nuen eta laga egin behar izan nuen. Niretzat munduaren akabera izan zen. Cicauchon nenbilen lanean eta deitu zidaten partida baten ordezkapena egiteko Mutrikuko Kalbaixoko kiniletan eta bertan ilesionatu nintzen. 6 hilabete egon nintzen bajan, baina Cicauchokoak oso ondo portatu ziren.

Bizimodu hura faltan igartzen duzu?

Asko. Pilotarion artean badugu esaera bat: berriro jaioz gero, pilotari (zestalari) izango nintzateke. 

Zelan ikusten duzu zesta-punta?

"Ez bada babesten, zesta-punta galtzeko arriskuan dago"

Oraingo gazteek ez dute erreferenterik. Gurea Ameriketara joatea zen. Hori bukatu da. Pilotari onak badaude, baina Euskal Herrian Diputazioek sartu beharko lukete eskua, EiTBk gehiago telebisatu, ez bakarrik torneo batzuk. Babeslerik ezean pilotariek ezingo dute hortik bizi. Ez bada babesten, galtzeko arriskuan dago. Gainera kirol garestia da. Zesta batek 600-800 euro balio du, pilota batek 100 euro pasa.