Denis Soriano Espainiako txapeldunorde, Euskal Selekzioarekin

Ubane Madera Zangitu 2022ko eka. 1a, 09:38
Espainiako txapelketan lehiatu den Euskal Selekzioa, Denis Soriano tartean dela. Argazkiak. Denis Soriano.

“Oso pozik” bueltatu da Leondik Denis Soriano soraluzetarra. Asteburuan, Espainiako Txapelketan lehiatu da Euskal Selekzioarekin eta txapelketan parte hartu zuten 15 taldeetatik bigarren postuan geratu dira euskaldunak. Guztira, 96 arrantzale lehiatu ziren eta banakako sailkapenean, berriz, 11. postuan geratu zen Soriano. Oraingoz, arrantzaleak bukatutzat eman du denboraldia.

Leongo Orbigo ibaian jokatu zen Espainiako izokin txapelketa lance modalitatean, barikuan eta zapatuan. 

Lehen egunean, “oso gaizki” ibili ziren Euskal Selekzioko kideak baina zapatuan, “erremontada” egin eta lehen postua eskuratzetik “oso gertu” egon zirela kontatu du Denis Soriano arrantzaleak: “Azken mangan taldeko batek ez zuen lortu ezer arrantzatzerik eta hori dela-eta jaitsi egin ginen; zerbait arrantzatzea lortu izan balu, txapelketa irabazi egingo genuke, baina oro har, oso gutxi arrantzatu zen txapelketan; astebete lehenago tenperatura asko jaitsi zen eta halako aldaketekin, arrainek ez zuten ondo pikatzen”, esplikatu du.

Kontuak kontu, Espainiako txapeldunorde ateratzea lortu zuen Euskal Selekzioak eta emaitza horrekin “oso pozik” bueltatu dira arrantzaleak Leondik. 

Gipuzkoan bigarren

Bestalde, aurtengo denboraldiari dagokionez, egindakoari buruzko balorazio positiboa egin du Denis Sorianok. Gipuzkoa mailan bigarren geratu da eta Euskadi mailan, berriz, 7. Oraingoz, bukatutzat eman du aurtengoa: “Irailean badago beste lehiaketa bat baina oraindik ez dakit parte hartuko dugun”.

Osterantzean, jendea arrantzan egitera animatu nahiko luke Sorianok, heriotza bako arrantza, noski. “Errekak oso ondo daude, animatu”.