Lehen ibilgailu elektrikoa erosi du Mankomunitateak gasolio kontsumo handiko furgoneta bat ordezkatzeko

Erredakzioa 2022ko mai. 28a, 08:58

Debabarreneko Mankomunitatearen lehen ibilgailu elektrikoa Citroen Jumpy-E bat da eta ibilgailuak eta makinak konpontzeko tailerrean erabiliko da. Hori dela eta, tailer mugikor moduko bat du atzealdean, beharrezko erremintak eraman ahal izateko.

Lehen, ibilgailu bat errepidean matxuratzen zenean eta tailerrera eramatea ezinezkoa zenean, Mankomunitateko langileak 2004an erositako gasolio kontsumo handiko furgoneta batean joaten ziren eremura konponketak egitera. Orain, langileak zero emisioko ibilgailu berrian joango dira, Mankomunitateko ibilgailuen ingurumen aztarna eta CO2 isuriak murrizteko. Ibilgailu berria erosteko 47.772,25 euroko inbertsioa, BEZ barne, egin du Mankomunitateak.

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak azaldu zuenez, “aurrerapauso handia eman dugu lehen ibilgailu elektriko hau erostean, trantsizio energetikorako bidea egiten hasi baikara, eta arlo honetan ditugun lehentasun nagusietako bati erantzuten ari garelako: gure ibilgailu flotak isurtzen dituen gas kutsagarriak murriztea.” Eredu jasangarriagoak sustatzen jarraitzeko, eta 2021ean diseinatutako Ekintza Planaren baitan, Mankomunitatearen ibilgailu flota eraldatzearen bideragarritasunari buruzko azterlan bat egitea aurreikusten dute, “gure ibilgailuen CO2 isurketak murrizten jarraitzeko. Bestalde, 2022ko aurrekontuetan ere partida berri bat bideratu da Jasangarritasun Energetikoaren Plana garatzeko”.

Bi karga puntu eskualdean


Mankomunitateak trantsizio energetikoa sustatzeko lanean jarraitzen duenez eta daudenak ordezkatzeko ibilgailu elektriko gehiago erostea aurreikusten duenez, bi kargagune instalatu ditu eskualdean. Horietako bat Eibarko Plantan dago, Mankomunitateak ibilgailu gehien gordetzen dituen tokia baita, eta, beraz, ibilgailuak kargatzeko kokapenik egokiena. Hiru ibilgailu aldi berean kargatzeko gaitasuna du. Beste karga-puntua Mutrikuko Garbigunean jarri da.