Ukrainako gerra

"'Fokuak’ desagertzen direnean, arazoak agertzen dira bere garaian hitzeman zena gauzatzeko"

Ubane Madera Zangitu 2022ko mai. 27a, 10:19

Atzo, 50 bat lagunek gaitzetsi zuten Ukrainako gerra, tartean, Soraluzen errefuxiatuta bizi diren ukrainarrek eta haien harrera-familiek. Bada, Inna Likarchuk eta haren bi alabak etxean hartuta dituen Nikanor Iñurrietak Esana da erraz eta egina garratz izenburua duen hausnarketa partekatu du. Labur esanda, dio "dramaren une gorenean eta kritikoenean, boom mediatikoarekin batera, gizarte guztia eta, bereziki, erakundeak, administrazioak eta haien ordezkariak, oso solidario agertzen direla biktimekin, eta sortzen diren arazoak konpontzeko direnak eta ez direnak eskaintzen dituztela. Baina gero, ‘fokuak’ desagertzen direnean, arazoak agertzen dira bere garaian hitzeman zena gauzatzeko. Orduan gertatzen da, zoritxarrez, abandonu bat ez bada, bai laguntzen exekuzioan geldotasun eta/edo utzikeria bat". Idatzi osoa barruan irakurgai.

"Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik hiru hilabete baino gehiago igaro direnean eta kasu honi dagokiona gertutik ezagututa, tragedien ondorioz sarritan gertatzen den eboluzioari buruzko hausnarketa bat egitea gustatuko litzaidake.

Berriro errepikatzen ari dira, distantziak alde batera utzita, aurreko tragedia egoeretan egindako akats errepikakor berberak, hala nola istripuetan (Spanairreko hegaldia abu-2008, Alvia trena Santiago de Compostelan uzt-2013) edo atentatuetan (M-11 Madrilen mar-2004, Bartzelonako Ramblan abu-2017) gertatutakoak eta horiek eragindako biktima ugariengan duten eragina.

Beti gertatzen da dramaren une gorenean eta kritikoenean, boom mediatikoarekin batera, gizarte guztia eta, bereziki, erakundeak, administrazioak eta haien ordezkariak, oso solidario agertzen direla biktimekin, eta sortzen diren arazoak konpontzeko direnak eta ez direnak eskaintzen dituztela. Elkartasun eta enpatia olatu hori goraipagarria da eta eskertzen da.

"Fokuak" desagertu


Baina gero, ‘fokuak’ desagertzen direnean, arazoak agertzen dira bere garaian hitzeman zena gauzatzeko. Orduan gertatzen da, zoritxarrez, abandonu bat ez bada, bai laguntzen exekuzioan geldotasun eta/edo utzikeria bat. Horrek frustrazioa dakar promesen hartzaileengan, are gehiago, hasieran sortutako itxaropenak handiak direnean.

Denok dakigu baliabide publikoak urriak eta mugatuak direla, behar bezala kudeatu behar direla, eta horren arabera bete ezin diren inguruabarrak daudela. Eta horregatik, kontuz boom mediatikoan zehar tragediaren kontura ahoa betetzearekin, egoerarekin oso solidario eta enpatiko agertuz, gero kudeatzeko gai izango ez garen errealitate bat badago atzean.

Eta komunikabideekin ere antzeko zerbait gertatzen dela esan genezake. Bere garaian garrantzia hartu zuten baina gerora ahaztuak izan ziren albiste horiei nolabaiteko jarraipenaren falta sumatzen da sarritan.

Koherenteak izan gaitezen, mesedez. Ahal dena egin dezagun, baina betiere jendearen ilusio edo esperantzarekin jokatu gabe".