Inflazioaren igoera, pentsioen azken erreformaren ondorioak eta Espainiako Bankuaren nahiak pentsioetan izango duen eragin negatiboa salatu zuten atzoko elkarretaratzean.
Inflazioari eta eros-ahalmenaren galerari dagokionez, salatu zuten “iaz, %3 galdu” zutela, eta, “aurten, atzerakada %5,5ekoa” izan dela, “apirilera arte inflazioaren bataz besteko igoeraren (%2,5) eta %8,02koa (%8,02) arteko aldeari dagokiona. Horrek esan nahi du %8,5eko galera metatua izan dela”, gaineratu dute.
Sinadurak batzen segitu
Ildo beretik, uste dute “oso garrantzitsua” dela sinadurak biltzen jarraitzea, besteak beste, “2022an benetako KPIa aplika” diezaieten “eta gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izan daitezen behingoz”. Halaber, jakinarazi zuten Euskal Herrian 35.000 sinadura bildu dituztela dagoeneko.
Horrekin batera, Espainiako Bankuaren esanak kritikatu zituzten, besteak beste, erakundeak esan baitu pentsiodunek ere “gerrikoa estutu” behar dutela. Salatutakoaren arabera, Espainiako Bankuaren esanetan, “Gobernuak onartu duen pentsioen erreforma ez da nahikoa pentsioen iraunkortasuna bermatzeko”, eta pentsioak KPIaren arabera ez lizkiekeela igo behar aurten.