Udan kirola eta igeriketa intentsiboa umeendako

Ubane Madera Zangitu 2022ko mai. 23a, 09:47

Udan, umeei zuzendutako kirol eskaintza oparoa egin dute. Batetik, Soraluzeko Uda Kirola egiteko aukera izango da. Udaleku irekiekin bat ez egiteko, LH3. eta 4. mailakoek udalekuen aurretik izango dute aukera eta LH 5. eta LH 6. udalekuen ondoren. Bestalde, igeriketa intentsiboko ikastaroan izena emateko epea zabalduko dute gaur. 2019tik aurrera jaiotako umeei dago zuzenduta. 

Uda kirolari dagokionez, LH 3. eta 4. mailakoei zuzendutako eskaintza da ekainaren 27tik uztailaren 1era eta LH5. eta 6. mailakoei zuzendutakoa, berriz, uztailaren 18tik 22ra bitartean. Iragarri dutenez, ur-jarduerak, mendi irteera, naturan jolasak, kirol jolasak… egingo dituzte, herrian, kiroldegian zein futbol zelaian, 10:00etatik 13:00etara.

Izen-ematea zabalik dago maiatzaren 31ra arte. Prezioa da 25 euro, baina badaude deskontuak anai-arreba bat baino gehiagoren kasuan eta baita udal laguntzak ere. Informazio gehiago behar izanez gero: 943 75 24 66 edo 663 03 59 47. 

Igeriketa

Igeriketa intentsiboari dagokionez, berriz, kasu horretan ere, udaleku irekien epeak errespetatuz, 2019an eta 2018an jaiotako umeendako, ekainaren 27tik uztailaren 8ra bitartean izango dira eskolak. Prezioak, berriz, izango dira 30 euro abonatuendako eta 38 euro ez abonatuendako.

2017tik aurrera jaiotakoek, berriz, honako aukera dute: ekainaren 27tik uztailaren 1era (abonatuek 16 euro eta ez abonatuek 20 euro); uztailaren 18tik 22ra (prezio berberak); edo ekainaren 27tik uztailaren 1era eta uztailaren 18tik uztailaren 22ra (abonatuak 30 euro eta ez abonatuak 38 euro). 

Izen-ematea zabalik dago ekainaren 10era arte.