Hondakin organikoen bilketa indartzeko industrialdeetara bisitak egiten dihardu Mankomunitateak

Ubane Madera Zangitu 2022ko mai. 20a, 09:01

Mankomunitateko presidentea eta Vermican enpresako hezitzailea Ideko enpresaren kanpoko aldean, atzo. Argazkia: Mankomunitatea.

Astelehenaz geroztik, hondakin organikoen bilketa indartzeko aurrez aurreko bisitak egiten ari da Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatea. Zehazki, jangela propioa duten enpresak, industrialdeetan kokatuta dauden eta hondakin organiko ugari sortzen dituzten enpresak eta industrialdeetako jatetxeak bisitatzen ari da. Atzo, besteak beste, Teknikerren eta Idekon izan zen Iosu Arraiz Mankomunitateko presidentea. 

Mankomunitatea egiten ari den bisiten helburua da enpresek dituzten zerbitzuak baloratzea eta gaikako bilketa hobetzeko dituzten beharrak identifikatzea, batez ere hondakin organikoei dagokienean, papera eta ontzi arinak jasotzeko kudeatzaile propioak izaten baitituzte, oro har.

Atzo, eguena, Iosu Arraiz Mankomunitateko presidentea bera izan zen bisitetako batzuk egiten, Vermican enpresako ingurumen-hezitzailearekin batera, besteak beste, Teknikerren eta Idekon. “Debabarrena eskualdean enpresa sare garrantzitsua daukagu, eta gehienak jasangarritasunaren aldeko urratsak egiten ari dira azken urteetan. Mankomunitatetik lanean dihardugu gizarteko kolektibo guztiengan birziklapen ohitura egokiak sustatzen”, gogorarazi zuen Arraizek.

Bigarrena, ekainean

Mankomunitatetik esandakoaren arabera, lehen bisita horiek harrera ona izaten ari dira, hondakinen arduradunek interesa erakusten baitute gaikako bilketa hobetzeko eman ditzaketen pausuetan.

Ekainean, berriz, bigarren bisita egingo dute eta lehen bisitan adostutako baliabideak emango dizkie hala eskatu dutenei, organikoa jasotzeko edukiontzi berriak, tamaina jakin bateko edukiontzi marroiak eta beste. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.