1.080 euroko gutxieneko pentsioa, bai ala bai

Ubane Madera Zangitu 2022ko mai. 17a, 10:32

Atzoko elkarretaratzean, jakinarazi zuten pentsiodunen mugimenduek helarazi ziotela Legebiltzarrari gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko eskaera. Bestalde, esan zuten dagoeneko 31.000tik gora sinadura batu dituztela pentsioen balioa KPI errealaren arabera handitzeko eskatuz. Azkenik, jakinarazi zuten Eusko Jaurlaritzak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta berritzeko lege proiektuan 99,51 euroko igoera aurreikusten duela eta diote hori “pentsiodunen borrokari esker” gertatu dela.

Atzo, 35 bat herritar elkartu ziren pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean, Kontzejupeko gerizpearen babesean.

Hiri gai izan zituzten berbagai. Batetik, joan den asteko mobilizazioari dagokionez, pentsiodunen mugimenduak jakinarazi zuen 1.200 pentsiodunetik gora elkartu zirela Gasteizko manifestazioan, exijitzeko gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osa dezan EAEko gobernuak. 

31.000 sinadura pasa

Pentsioak KPI errealaren arabera igotzeko eskatuz egiten ari diren sinadura bilketari dagokionez, berriz, esan zuten orain arte 31.000tik gora batu dituztela eta aurreikus daitekeela “erraz lortuko” dutela 40.000 baino gehiago izatea”. Maiatzaren amaierara arte segitu behar dute sinadurak batzen. 

Soraluzen ere ari dira sinadurak batzen. Herriko saltokietan sina daiteke horren alde, baita kalean ipintzen duten mahaian ere.

Ia 100 euro gehiago

Azkenik, Gasteizeko Gobernuak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta berritzeko lege proiektua aurkeztu duela azaldu zuten eta proiektu horren arabera, pentsiodun batek, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez, 934,10 euro kobratuko dituela, 12 ordainsaritan banatuta. Gaur egun 834,59 euro kobratzen ditu. “Aintzat hartzen dugu 99,51 euroko igoera pentsiodunen borrokari esker gertatu dela”, azpimarratu zuten; hala ere, gaineratu zuten borrokan segituko dutela gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte egokitzeko, 14 ordainsaritan banatuta.