Mailaz jaitsiko da Sora

Atzo, zapatua, partidaren zatirik handiena irabazten joan ondoren, bigarren zatian bana berdindu zuen Ikasberrik Soraren kontrako norgehiagoka. Gorengo maila mantentzeko, etxekoek irabazi beharra zeukaten bai ala bai. Gogotik ahalegindu ziren, aukerak ere sortu zituzten, baina ez zuten lortu. Ondorioz, Lehen Erregional Mailara jaitsiko da etxeko taldea.

Atzo, zapatua, pena handiarekin entzun zen partidaren amaiera seinalatzen zuen epailearen txistua. Partidaren lehen zati osoa eta bigarren zatiaren erdia baino gehiago irabazten joan ziren etxekoak Markel Gilen golari esker. 

Oiartzunen emaitzari begira ere bazebiltzan zeharka, hark zer egin erabakigarria baitzen Sorarendako. Hala, Oiartzun eta Sora, biak ala biak irabazten zoiazela, Ikasberrik berdinketa egin arte, Sora salbatuta zegoen, gorengo mailan. Gainera, zaleen babesa ere izan zuten Sorakoek, harmailak beteta izan baitziren.

Ahalegin betea

Baina bigarren zatian benetan erasokor irten ziren zelaira Ikasberrikoak eta azkenean lortu zuten berdinketa. Hortik aurrera, Ikasberrik berdindutako markagailuari buelta emateko ahalegin betean ibili ziren Sorako mutilak, ezinbestekoa baitzen partida irabaztea gorengo mailari eusteko.

Partidaren amaiera aldean, gol aukera garbiak sortu ere egin zituzten etxekoek, baina ezin sartu. Gogotik borrokatu zuten, azken minutura arte. Horren erakusle, partidaren bigarren zatian 5 txartel horitik gora atera zituen epaileak, baita gorria ere, Sorako Leturi.

Urduritasuna, presa, irabazteko beharra, nahia… dena pilatu zitzaien etxeko mutilei partidaren amaiera alde horretan eta ezin izan zuten bigarren gola sartu. Oiartzunek, bere aldetik, berari zegokion partida irabazi egin zuen eta horren guztiaren ondorioz, Sorak maila galdu eta Lehen Erregional Mailan izango da datorren urtean. Orain dela 12-14 bat urte egon zen maila horretan, harik eta gorengo mailara igotzea lortu zuen arte.